30 lagun inguru, guraso zein ume, animatu dira gaur goizean perretxiko bila txangoa egitera. Arlaban inguruan ibili dira, Dorletako amaren ikurra dagoen tokitik gora abiatuta. Koldotxo elkarteko presidente Izaskun Ezpeletak azaldu du inguruotan aritu direla, eta ondoren hamarretakoa ere egin dutela.
Jardunaldion helburuaz galdetuta, Ezpeletak dio "duela hogeitaka urteko ohitura" dela; dena den, azken urteotan honen inguruan ekitaldi desberdinak antolatu direla, eta bertatik ateratako dirua zailtasun ekonomikoak dituzten eskolako familiendako bideratzen dutela.
Horrez gain, noski, ekimenaren helburu nagusia "familiarteko egun bat pasatu eta perretxikoak ezagutzea" da.
Perretxiko bila aritu diren gaztetxoek diote "asko" zeudela, nahiz eta beraiek ezin izan dituzten guztiak ondo identifikatu. Hala ere, gaurkoan helburua ez zen perretxiko jangarriak soilik batzea, topatutako guztiak hartzea baizik, askotariko espezieak batu eta sailkatzeko.
Arratsaldean zehar, Durangoko Errotari elkarte mikologikoko kideak gaur Eskoriatzan batutako eta beraiek ekarritako aleak motaka sailkatzen aritu dira Kultur Etxean.
Bihar, erakusketa plazan
Hala, gaur sailkatutakoak bihar, domeka, Herriko Plazan jarriko dituzte ikusgai, 120:00etatik 14:00etara bitartean. Bertan, umeentzako margo txapelketa ere egongo da, eta gaia, nola ez, perretxikoak izango da. Umeentzako sariak ere egongo dira.