Zapatu honetan, azken urteotan egin ohi den moduan, Luis Ezeiza Herri Eskolako Koldotxo Guraso Elkarteak antolatuta, mendi irteera egingo da perretxikoak bilatu eta ezagutzeko. 10:00etan irtengo dira Herriko Plazatik, eta arratsaldean, 16:30etan, perretxikoen sailkapena egingo dute Kultura etxean Errotarri Elkarte Mikologikoaren laguntzarekin.
Domekan, berriz, perretxiko mota ezberdinak sailkatuta dituztela, 12:00etatik 14:00etara bitartean perretxiko erakusketa egingo da Herriko Plazan. Bertan, umeentzako margo txapelketa ere egongo da, bide batez, eta gaia, nola ez, perretxikoak izango da. Umeentzako sariak egongo direla adierazi dute antolatzaileek, baina aurten ez dira taloak egiten izango. Koldotxo Guraso Elkarteko Josema Melgarejoren esanetan: "Aurten berezia izango da zubia delako, eta, horregatik, ez dakigu zenbat jende gerturatuko den. Hala ere, zalantzak dituztenek eta mikologiaz ikasi nahi dutenek aukera aproposa izango dute".