Kanposantuko lurra berritu egin da, zolatuta, hormigoi inpreso batekin; hala, sarrerako eta hilobien arteko bidea egoki jarrita. Honekin batera, pareta konpondu da, zaharra botata, eta lekua handitze aldera horma-hilobi batzuk kendu egin dira. Irisgarritasuna hobetzeko, lehen zeuden eskailerak egokitu egin dira, eta arrapala berri bat jarri da; dagozkion eta bete behar diren neurrien arabera egin dute.
Goiko sarrera itxita
Kanposantuak bi sarrera ditu: eskaileretatik gora oinez igo daitekeena –sarrera nagusia– eta goiko aldea deritzona, bertaraino autoz ere joan daitekeena. "Kanposantuko atzealdean, gora igotzeko aukerarik ez da egongo oraindik, itxita egongo da. Dena den, bertan ez dago hilobirik ez ezer, eta goiko zatia itxita utzita egotearen arrazoia da arriskutsua izan daitekeela, eta beste proiektu berri bat egiteko asmoa dagoela". Hala ere, proiektu hau epe luzerakoa izango da, eta informazio gehiago aurrerago helaraziko dutela adierazi dute Udaletik.
Aurreikuspenak beteta
Obrak hasi berri, azaroaren 1erako lanak amaituta izatea aurreikusi zuen Eskoriatzako Udalak, eta, lanak ondo joanez gero, urriko azken asterako. Hala, aurreikuspenak bete egin dira, eta egin beharreko lanak amaituta daude.
Sasoi Eraikuntzak enpresak egin ditu kanposantuko lanak, eta Eraiki enpresak eraman du obra zuzendaritza. Aldez aurretik adierazi moduan, aurrekontuaren barruan egin dituzte lanak eta guztira 50.000 euro inguruko kostuarekin.