Imanol Ituiño: "Jendearen arretarekin jolasten dugu magook"

Imanol Ituiño magoa kartekin.

Domekan Eskoriatza magiaz beteko da. Izan ere, Imanol Ituiño magoa kultura etxean izango da 12:00etan, magiari buruzko tailerra ematen. Umeentzako izango da, eta bertara joateko izena ematea beharrezkoa izango da. Arratsaldean, aldiz, 17:00etan, Magia Parrastan ikuskizuna eskainiko du Zaldibar antzokian, eta hau adin guztiei zuzendutakoa izango da.

Zer erakutsiko duzu tailerrean?

Domeka goizeko tailerra umeentzako izango da. Bertan, trikimailu errazak ikasiko dituzte gerturatzen diren gaztetxoek. Espero dut euren anai-arreba zein gurasoak txundituta utziko dituztela trikimailu horiekin...

Edonork egin dezake magia?

Edonork egin dezake trikimailu bat, edonork abesti bat abestu dezakeen bezala. Trikimailuak tranpa duela ahaztean publikoak izaten duen sentsazioa da magia. Beraz, edonork egin dezake trikimailu bat. Eta, nire ustez, nahikoa praktikatuta eta funtsak ondo ikasiz eta ulertuz gero, gogoa duen edonork egin dezake magia.

Halako tailer asko ematen dituzu, ala ikuskizunak gehiago?

Nire lan printzipala ikuskizunak egitea da, baina noizbehinka tailerrak emateko aukera ere izaten dut, eta pozik egiten dut hau ere. Magia tailerrak egiteak hurrengo belaunaldietan ere magiarenganako interesa izango duenik egotea bermatzen duela pentsatzea gustatzen zait.

Nolako esperientzia da haurrei magia egiten irakastea?

Oso zaila da haur bati magiak tranpa duela azaltzea. Magian, azken finean, gezurtxoak esan behar dira, eta gezurrak helduon gauzak dira. Askotan ez dira gai oso ondo bereizteko trikimailuaren zein parte erakutsi behar duten eta zein sekretuan gorde. Honek oso ondo erakusten du zein oker dauden magia umeentzako dela uste duten horiek. Magia ez da umeentzako; umeek ikusi dezakete, noski, baina magiak, fundamentu logikoak hausten dituen unetik, helduei zuzenduta dago erabat.

Tailerraz gain, ikuskizuna eskainiko duzu. Nolako saioa izango da?

Magia parrastan-en horixe bera ikusten da, magia etengabe, parrastan, a tutiplen… Ez da argumentua duen ikuskizuna, magia baino ez da. Adin guztietakoentzat egokia. Ez da umeentzako bereziki pentsatutako saioa, familiarra baizik. Umeek eta helduek parte hartuko dute eta magiaren zati inportante bilakatuko dira.

Ze ezberdintasun dago mago baten eta aktore baten artean? Ezberdintasun handia dago?

Badago magoen munduan esaera bat zeinak dioen magoa aktore bat baino ez dela botereak dituen tipo baten paperean sartzen. Ni ez nago oso ados horrekin. Aktoreak asko miresten ditut, hainbat paper ezberdinetan eta egoera ezberdinetan sartzen dute euren buru eta gorputza eta istorio bat sinesgarri egiten dute euren ahots, keinu eta gorputzarekin. Hori bai magia. Mago bat, ordea, paper bakarra egiteko gai da, magoarena. Noski, ondo dago magoak errekurtso aktoralak izatea, publiko aurrean egiten duelako lan, baina aktoreak magoaz gehiago duela uste dut magoak aktoreaz baino.

Lagunak erabiltzen dituzu trukoak egiteko, konpintxeak?

Magian badago sinatu gabeko paktu bat ikusleekin. Ni ikuskizun baten zehar engainatzen saiatuko naiz tranpak erabiliz, noski, eta zuk, tranpa hori bilatu beharrean, ikuskizunaz gozatuko duzu eta ez diozu zure buruari galdetuko nola egin dudan, hori baita magiaren funtsa, ezinezkoa egia bihurtzea. Baina konpintxe bat erabiltzea gehiegizko tranpa litzateke. Ikusleak espero du eskuen bizkortasuna, atentzioa bideratzea eta horrelako estrategiak erabiltzea. Dena konpintxe batekin egingo balitz, ni baino tipo goapoago bat ekarriko lukete ikuskizuna ematera… Beraz, ez, ez ditut gogoko konpintxeak, eta ez, ez ditut erabiltzen. Garesti ateratzen dira, gainera…

Beti esan ohi da publikoa despistatu egin behar dela; nola egiten da hori? Hitz eginez? Asko mugituz?

Despistatu baino gehiago, jendearen arretarekin jolasten gara askotan, guk nahi dugun lekura guk nahi dugunean begiratu dezan. Orrialde honetan adibide bat jarri dugu, orrialde zenbakiaren ondoan, begiratu. Oso txikia da, baina zenbakiaren ondoan ikurtxo bat dago, ea ikusten duzuen... Antzoki batean antzeko zer edo zer egiten dugu, ikur horren antzera. Agertokian beste teknika batzuk erabili daitezke: gorputzaren mugimenduak, hitzak... Zailena, askotan, umeen atentzioa bereganatzea izaten da, ez baitute heldu batek izan dezakeen arreta berbera. Bide batez,  lehen, zenbakiaren ondoan begiratu duzu? Horrela bada, zure atentzioa desbideratu dut, modu oso zuzen eta zakarrean, beharbada, baina ezer ez zegoen toki batean ikur bat bilatzen ibili zara. Barkatu.

Honen harira, sari bat irabazitakoa zara hitz egin gabeko magia pieza batekin. Konta egiguzu esperientzia?

2014. urtean bigarren sari nazionala eman zidaten. Niretzako, erronka bat zen hitzik gabeko pieza bat sortzea, nik beti asko hitz egiten baitut saioetan. Horrenbestez, hori sortu nuen, batez ere, eszenan isilik egoten ikasteko eta amari isilik 10 minutu egoteko kapaza nintzela erakusteko.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.