Arizmendik antolatutako jaian: urteroko ipuin kontaketak, antzinako jokoak, tiragomekin jolasak, goitibeherak, txokolatada eta beste hainbat ekintza izango dira udazkenari ongi-etorria emateko.
Zapatuan, 15:30etan Intxaurtxuetatik autobusean Apotzaga elizatera abiatuko dira eskoriatzarrak hemezortzigarren urtez Ezkurtxo ospatzera. Aurten, Apotzagan egiten den hirugarren aldia izango da eta arratsalde pasa ederra egin ostean, 19:00etan bueltatuko dira, berriz, herrira.
Helburu ugari jaiaren bueltan
Eskoriatzako zazpi elizateak ezagutzeko, herritarrek, baina batez ere haurrek, euskara eta irakurzaletasuna bultzatzeko, eta lagun artean eta familiarekin batera egun on bat pasatzeko helburuarekin antolatutako jaia da.
Zazpi elizate daude Eskoriatzan, baina inoiz Gatzaga ere sartu dute Ezkurtxo jaiaren barruan, nahiz eta herria izan, bertako haurren gurasoen eskaerei erantzunez, bigarren bueltan bertan ospatu zen.
Ezkurtxo abestia errotuta
Duela hamar urte inguru Arantzazu Idigoras gurasoak sortutako Ezkurtxo abestia ere badago, eta gaur Jose Arana ikastolan abestia errepasatzen, eta biharko maskarak egiten izan dira haurrak, pozik egunaren zain.