Vasco-Navarro Eskoriatzara estreinakoz iritsi zeneko mendeurrena betetzen da datorren urriaren 4an, eta gertaera hori gogora ekartzeko, Trena Eskoriatzan erakusketa irekiko da Ibarraundin.
Urriaren 4an, martitzenean irekiko da 18:30ean, eta azaroaren 4a bitartean egongo da, 11:00etatik 13:00era. Urriaren 14a bitartean, berriz, goiz da arratsaldez irekiko da; 17:00etatik 19:00etara.
1916- 1967 bitartean Vasco-Navarrok Eskoriatza komunikatu zuen, trenak Donostiara, Gasteizera eta Bilbora joateko aukera eman baitzuen. Eskoriatza isolamendutik atera eta komunikazio sarean integratu zen.
Garraio sistema hobetzearen ondorioz,bidaiari eta merkantzien fluxua suspertu zen, eta eskoriatzarrei aukera berriak eratorri zitzaizkien.
Erakusketa XIX. mendearen bukaeratik, ferrokarrila Eskoriatzatik igaro zedin egin ziren hasierako lanetatik, XX. mendearen erdialderaino, trenak azken bidaia egin zuenera arte doa.Urte horietan izan ziren gertaeren (inaugurazioa, istripuak) berri ematen da. Aldi berean Eskoriatzatik igarotzen ziren lokomotoren argazkiak zein trenaren geltoki eta geldiuneen argazkiak ere ikusgai egongo dira. Argazkiekin batera, esandako gertaera horien berri eman zituzten prentsa albisteak ere egongo dira.
Erakusketako informazioa osatzeko herritar batzuen testigantzak jasotzen dituen bideoa ikusteko aukera ere egongo da.
Esandakoez gain uniformeak eta tren geltokietan erabiltzen ziren hainbat bitxikeria egongo dira erakusketan.
IBILBIDEA
Urriaren 12rako ibilalditxoa antolatu da trenak egiten zuen ibilbidetik.
Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!
WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.
TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.
Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.