"Kooperatibagintzaren inguruko balioak eta ezagutza zabaltzea. Dibulgazioaren bidez, alde batetik, baina beste alde batetik, kontuan izanez Europako Kultur Hiriburua garela, kultura eta artea horretara bideratuz, eta nolabait gogoeta horren parte eginik, elkar elikatu zezaten ezagutzak eta arteak berak". Horixe da urte hasieran martxan jarri zuten Kooperarock egitasmoaren helburua, Xabier Paya Donostia 2016ko zuzendari orokorrak azaldu duenez.
Sorreraz geroztik, egitasmoaren parte diren erakundeak Euskal Herriko Unibertsitatearekin, OlatuKoopekin edota Arrosa irrati sarearekin elkarlanean aritu dira, kooperatibismoaren inguruko hausnarketa prozesu sakon bat burutzen. Lanki ikertegiko Igor Ortegak azaldu du lau baliorengan jarri nahi izan dutela bereziki azpimarra: "Batetik hezkuntzaren balioan, lana ulertzeko moduetan, elkartasunaren balioan eta guretzako ere garrantzitsua den eraldaketa sozialaren balio nagusi horretan".
Kooperarock proiektua lantzerako orduan pertsona eta talde desberdinen arteko elkarlana eta transbertsalitatearen garrantzia nabarmendu dute gaurko aurkezpenean.
Hausnarketatik agertokira
Balio horiek ardatz hartuta eta hausnarketa prozesuaren osteko fase moduan, bi arte proiekturi ekin diete.
Batetik, urriaren 5ean Huheziren Aretxabaletako campusean Belaunaldien arteko elkarrizketak izeneko dokumental laburra aurkeztuko dute. Lan honek adin desberdinetako jendea kooperatibismoari buruz solasean erakusten du.
Bestetik, abian da honezkero Teatro Paraiso antzerki konpainiarekin batera burutzen diharduten proiektua ere. Haurrei zuzenduta dago; izan ere, "epe luzera begira pentsatutako ekimena" dela azaldu du Donostia 2016 fundazioko Saioa Torrek.
Hala, Teatro Paraisokoek mediazio artistikoa lantzen dihardute Euskal Herriko bost ikastetxerekin, tartean Arizmendi Ikastola kooperatibarekin. Neska mutikoen ekarpenak jasota eta Lankik landutako hausnarketa prozesuaren ondorioekin, konpainiak antzezlan bat sortuko du, 7 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzendua.
Antzezlan horren aurreestreinaldia Arrasaten egingo dute abenduaren erdialdean, eta estreinaldi ofiziala Donostian izango da, Gabonetan.