Ivan Sanchez kantabriarra nagusi Eskoriatzako IV. Goitibehera lasterketan

Xabi Gorostidi 2016ko ira. 24a, 22:02

Giro ederra lagun, jende ugari gerturatu da Eskoriatzara goitibehera txapelketa ikustera. Neumatika kategorian 'El Carite Sport' taldeko Ivan Sanchez kantabriarra izan da azkarrena 01:25.579eko denborarekin, eta eskoriatzar azkarrenaren saria Gorka Urrutia eta Unai Jurado bikotearentzat izan da.

Goitibeheren maitaleek hitzordua zeukaten gaur Eskoriatzako 4. Goitibehera lasterketan. Aurtengoan gainera Copa Norte txapelketarako puntuagarria izan da Eskoriatzako proba. Kantabriar eta euskal federazioek batera antolatu duten txapelketa da. Lau lasterketek osatzen dute, bi Kantabrian eta bi Euskal Herrian, eta Eskoriatzakoa izan da txapelketa horretako azken lehia.

Guztira 87 parte hartzaile izan dira, Kantabria, Euskal Herria eta baita Madriletik etorritakoak ere. Denetan azkarrena El Carite Sport taldeko Ivan Sanchez kantabriarra izan da, 01:25.579 ko denborarekin. Bigarren postuan, segundo eta erdiko aldearekin, Trokan Behera taldeko Ibai Zumalakarregi eta Ibai Ajuriagoikia bikotea geratu dira, eta podiumeko hirugarren postua, aldiz, Markez Anaiak taldeko Gorka Markezentzat izan da, bigarrenetik segundo batera.

Eskoriatzar azkarrenenak ere saritu dituzte. Etxekoen sailkapenean Gorka Urrutia eta Gorka Jurado bikotea izan dira azkarrenak, 01:33.770ko denborarekin. Sailkapen orokorrean 11. postuan geratu dira, eta maila aparta eman dute. Bigarren postua Lander Mediavilla eta Ekaitz Oñatek eskuratu dute eta hirugarren geratu dira Ruben eta Ekaitz Testa aita-semeak.

Gaur egun era honetako lasterketa bat antolatzeak lan handia eskatzen du, segurtasun neurri, baimen eta baliabide aldetik. Hala ere, Jose Angel Urrutia antolatzailea oso pozik azaldu da, partaide kopuruagatik, egon den maila altuagatik, eguraldiagatik eta batez ere, ikusleen erantzunagatik. "Lan handia da guretzat, baina bosgarren edizioa antolatzeko gogo biziz nago".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak