Bestalde, urtero moduan, nahi duenak patata-tortillak eraman ditzake pintxo moduan saltzeko.
Zaharren egoitzari diruz laguntzeko antolatutako jaia herriko elkarteek, merkatariek eta norbanakoek bultzatzen dute: Eingeinkekoak, Egoitzakoak, Atxorrotx Kultur Elkartekoak, Zapatistak, Kenpokoak, Zikloturistak, Kirol Elkartekoak, jubilatuak eta herritarrak sukaldean eta lan ezberdinak egiten egongo dira.
Eguenean, 19:00 aldera irekiko da karpa, eta egubakoitz arratsaldean egoitzako egoiliarrak bertara joango dira, urtero moduan, mokadutxoa jan, zerbait edan eta Alaitzen taldearen kantu mexikarrekin disfrutatzeko.
Tonbola barik, otarreak
Iaz, tonbolarekin batera, otarreak ere zozketatu ziren, eta, arrakastatsua izan zenez, aurten, tonbola barik, otarreak zozketatuko dira soilik. Otarreak betetzeko produktuak eman nahi dituenak egoitzara eraman edota telefonoz deitu dezake bertara. Otarreak karpan zozketatuko dira, hilaren 30ean, zapatu arratsaldean.
Beste berrikuntza batzuei dagokienez, garagardo pitxarrez gain, kañak edateko aukera ere izango da bi euroren truke. Eta loteria erosteko aukera ere izango da.
Bigarren faseko obrak hasteko
Zaharren egoitzako lehen faseko obrak amaituta, bigarren fasearekin urrian hastea aurreikusten da. Fase honetan, behe-solairua guztiz aldatuko da. Egongela handi bat egin nahi da lorategira irteera duena, jantokia handitu, aldagelak, deskantsu gela, botikina...
"Egoitzaren egunerokotasunean aldaketa eta hobekuntza izugarria izango da, eta aurten ere parte hartuko duten guztiei eskerrak eman nahi dizkiet…", adierazi du Dorleta Sologaiztoak, zaharren egoitzako zuzendariak.