Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeak 2016

EAJ garaile Eskoriatzan 763 botorekin

Goiena 2016ko ira. 25a, 21:15

Eskoriatzan EAJ nagusitu da, 763 botorekin, boto guztien %39,6. Bigarren EH Bildu izan da, 644 botorekin (%33,4), eta hirugarren, Elkarrekin Podemos, 241 botorekin (%12,48). Hurrengo alderdiak hauek izan dira: PSE-EE (150 boto, %7,77), PP (52 boto, %2,69), Sí se puede-Ganemos (19 boto, %0,98), Pacma (17 boto, %0,88), Ciudadanos (13 boto, %0,67); beste alderdi batzuek 9 boto atera dituzte, 7 zuri izan dira eta 6 baliogabeak; denetara 1.925 boto eman dira, 3.145 lagunek osatutako zentsutik, hau da, %61,20ko parte-hartzea, orain lau urtekoa baino %4 txikiagoa, gutxi gorabehera.

Eskoriatzako EAJko kideak, pozik emaitzak jakin eta gero.

EAJ: "Eskerrik asko Eskoriatzako herriari!"

Ia boto guztiak zenbatuta dauden une honetan (%99), Eskoriatzako Aitor Urrutia legebiltzarkide da; hain zuzen, 9. da EAJren Gipuzkoako zerrendan, eta horiek dira EAJri lurraldean tokatzen zaizkion eserlekuak. Aitor Urrutiak "eskerrak" eman nahi izan dizkie eskoriatzarrei eurengan "konfiantza" erakustearren. Honako balorazio hau egin du: "Azken urteotako joera errepikatzen da eta horrek asko pozten nau. Eskoriatzan benetan pozik egoteko moduko emaitzak lortu ditugu".

Lortutako emaitzei are balio handiagoa eman die Urrutiak, izan ere, "beste alderdi bat indartsu sartu da eta aukera handiak zituela zirudien; tarta berbera zen, baina alderdi gehiago lehian".

EH Bildu: "PSE-EEk galdutako botoak lortu ditu EAJk"

EH Bilduko ordezkariak "pozik" agertu dira lortutako emaitzekin: "Oso balorazio ona egiten dugu. Izan ere, aurreko hauteskundeetatik, Madrilgoetatik hona 144 boto irabazi ditugu, oso datu ona". Gaineratu dutenez, "ikusten da EAJk PSEk galdutako botoak eskuratu dituela". Emaitza orokorrei dagokienez, ezusterik ez dute jaso: "Argi zegoen EAJk irabaziko zuela eta hala izan da", esan dute.

Eskoriatzako EH Bilduko Maider Otamendi zazpigarren zihoan Gipuzkoako zerrendan, eta, EH Bilduk zortzi eserleku lortu dituenez, legebiltzarkide izango da bera ere.

Orain dela lau urteko emaitzen kontrakoa

Eskoriatzan hautesleku bakarra egon da, bi ataletan banatuta, eta atal bakoitzean bi mahai izan dira. EAJk lehenengo atalean irabazi du , eta EH Bildu nagusi izan da bigarren atalean.

Orain dela lau urteko Eusko Legebiltzarreko emaitzen kontrakoa izan da honakoa, izan ere, orain dela lau urte EH Bilduk 734 bozka lortu zituen Eskoriatzan, eta EAJk, 636; hortaz, EAJk 127 boto irabazi ditu orduz geroztik, eta EH Bilduk, 90 galdu.

Elkarrekin Podemosek botoen erdiak galdu ditu

Elkarrekin Podemos nabarmen jausi da Espainiako Gorteetarako hauteskundeetatik; orduan, Elkarrekin Ahal Duguk 546 boto eskuratu zituen (%27,11), eta orain, erdiak baino gutxiago lortu ditu. Hauteskunde horietan, EAJk 534 boto jaso zituen, orain baino 229 gutxiago, eta EH Bilduk, 500, orain baino 144 gutxiago.

Gaurko eguna gorabeherarik gabe joan da kultur etxeko hauteslekuan. Argindarra hiru aldiz joan da une batzuetan, eta hori izan da gauzarik aipagarriena. Boto-emaile gehien eguerdi aldera joan da; ilarak sortu dira une batzuetan. Gero, 18:00etatik aurrera beste jendetzatxo bat joan da.

Erlazionatuak

Hauteskundeak Eskoriatzan #i25goiena

Leire Kortabarria 2016 ira 25 Eskoriatza

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak