Jose Arana kalean norabide bakarreko zirkulazioa jarri zenean, trafikoaren zati handi bat Santa Ana auzotik bideratu zen, eta horrek mugikortasun eta irisgarritasun arazo batzuk sortu ditu herrian; adibidez, autoak abiadura handian ibiltzen dira, eta oinezkoen hainbat kexa jaso ditu Udalak. Hirigintza eta Mugikortasuneko batzordeburu Josu Ezkurdiaren esanetan: "30 kilometro orduko muga dago bide zati horretan, eta 50 kilometro orduko abiaduratik gora ere pasatzen dira hainbat gidari…".
Abiadura murrizteko lanak
Hori horrela, Pagaldai harategiaren parean goratutako zebra-bidea jarriko da, autoek abiadura moteldu dezaten, eta zati horretan trafikoa aldiko norabide batekoa izango da eta lehentasuna izango dute Antsoategiko biribilgunetik datozen autoek, eta ez Zaldibar aparkalekutik datozenek. Hori horrela, "etorkizunean etxebizitzak egingo dira Zaldibar aparkalekuan, eta, eguna heltzen denean, ez dugu obrarik egin beharko bertan".
Gainera, espaloia zabaldu eta egokitu egingo da, errepideari zati bat kenduz, hala oinezkoak seguruago ibili daitezen. Hiru astean amaituko dituztela lanak aurreikusten da, eta, errepidea, hasiera baten, itxi barik, urriaren amaiera aldera hasiko dira Sasoi enpresak (San Pedroko urbanizazio berria egin zuena) egingo dituen lanak.
Zamalanetarako bi aparkaleku
Azkenik, bertan dauden komertzioetarako lanak erraztearren, zamalanetarako bi aparkaleku ere egokituko dira.