Gaur, goitibehera tailerra egingo da 18:00etan, Luis Ezeizako patioan. Irailaren 24an, Apotzagako goitibehera jaitsiera egingo da, eta parte hartu nahi dutenek beraien ibilgailua puntuan jartzeko erabilgarri izango dute tailerra. Birziklatutako materialekin egingo da, eta goitibehera-zaleak diren hainbat herritar izango dira etxean egin ezin dituzten gauzak egiteko laguntza eskaintzen; soldatzen, esaterako. Bestalde, goitibehera lasterketako araudiaren inguruko azalpenak ere emango dituzte.
'Land Art' familian egiteko
Bihar, berriz, naturaren elementuekin artelana eraikitzeko aukera izango da Luis Ezeizako patioan, 17:00etan. Hezkuntza Foroak antolatuta, familiei zuzenduta dago, eta sormena, lankidetza eta natura batuko dituen ekintza izango da. Maider Etxaniz gazteria teknikariaren esanetan: "Lehenengo, ideia zaparrada egingo da, zer eraikiko den aukeratzeko. Ondoren, nola eraikiko den pentsatuko da, denen artean eraikiz. Familian eta beste familia batzuekin batera ondo pasatzeko ekintza izango da eta arropa erosoak, zaharrak, eramatea gomendatzen da. Eguraldi txarra egiten badu ere, ekintza burutuko da, Luis Ezeizako aterpean, edo, bestela, bolatoki zaharrean".
Irailaren 18an, domekan, berriz, Eskoriatza-Urkulu-Torrebaso-Eskoriatza bizikleta martxa egingo da. Familian egiteko irteera izango da, eta 10:00etan Herriko Plazatik irtengo dira. Aretxabaletatik ere ordu berean irtenda, eta Bainuetxean, Mendiola auzorako bidea hasten den lekuan, batu ondoren, Urkulurako bidea hartuko dute bidegorrian gora. Ondoren, Torrebason geldialdia egingo dute, eta hamaiketakoa banatuko da parte hartzaileentzat. Azkenik, bertatik, nork bere etxerako bidea hartuko du.
Badatoz goitibeherak
Irailaren 24an, zapatuan, Apotzagako goitibehera jaitsiera izango da, 15:00etan hasita. Eskoriatzako Goitibehera Zaleak taldeak antolatutako lasterketak lau urte beteko ditu aurten, eta Apotzaga auzotik Intxaurtxueta auzorainoko 1,4 kilometroko bidea egingo dute parte-hartzaileek.
Lasterketan parte hartu nahi duenak Euskal Herriko Inertzia Kirolen Federakuntzaren webgunean dagoen eskuorria bete beharko du. Hain zuzen, Open Norteko txapelketarako eta Euskal Ligarako puntuagarria izango da. Hori dela eta, besteak beste, Kantabria aldekoak izango dira Eskoriatzan.