Magefesaren enpresa jabeak erosi du Alza

Leire Kortabarria 2016ko ira. 13a, 15:27
Alza enpresa, Eskoriatzan.

Magefesa marka ezaguneko lapikoak Eskoriatzan ekoiztuko dira, zehazki Alza enpresaren lantegian. Magefesaren jabeak, Rhointer taldeak, jakinarazi du Alzaren kapital sozialaren gehiengoa erosi duela eta, beraz, bere markako lapikoak egingo dituela.

Alzak baieztatu egin du hainbat komunikabidetan agertutako informazioa, eta ez du ezer gaineratu izan nahi.

Magefesa lapikoak Derion egiten ziren 2013ra arte; urte horretan itxi zuten lantegia. Rhointerrek marka erosi zuen urte horretan. Orain, Eskoriatzan ezarriko da ekoizpena. Rhointer etxeak jakinarazi du hiru urtean 4 milioi euro baino gehiago inbertituko dituela.

Eskoriatzako Alza SL lantegia Aingeru Guarda pasealekuan dago eta 15.000 metro koadro ditu. 30 langilek dihardute bertan.

Alzaren esperientzia eta Magefesaren diseinuak

Helburua da ekoizpen, berrikuntza eta diseinu arloak indartzea, Alzaren egiten jakite industrialari Magefesaren diseinuak eta patenteak gehituz.

Alza oso marka garrantzitsua eta ezaguna da Hego Euskal Herrian eta Espainian. Ugalde y Cía izenarekin jaio zen eta 40ko hamarkadan Etxeberria familia egin zen haren jabe. Hasieran, aluminiozko sukaldeko ontziteria egiten zuen. 70 eta 80ko hamarkadetan, altzairu erdoilgaitza erabiltzen hasi zen eta presiozko lapiko oso azkarra diseinatu zuen. Hori da bere espezialitateetako bat. Handitze-lanak egin zituen 1995 eta 2000 artean, bere instalazioetan hirugarren solairu bat eta bi pabiloi berri eraikiz.

Rhointer Kantabrian dago errotuta eta, Magefesa erosi eta hurrengo urtean, Servicios de Mesa de Gernika enpresa erosi zuen. Sei herrialdetan dago, bederatzi filial komertzialekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak