Zazpi gune gertatu dituzte, zailtasun maila ezberdinarekin eta horietan gora eta behera jardun dute 4x4 autoek. Gurpil erraldoiekin hautsa ondo harrotu dute, eta lurra oso lehor egoteak teknika hobetzera behartu ditu gidariak: "Lokatza dagoenean lehenengo autoak bidea egiten du eta gainerakoak handik pasatzen dira. Lehorrean, ostera, norberak bere bidea topatu behar du", adierazi du Xabi Oñederra antolatzaileak.
Hainbat eratako autoek jardun dute; gutxi batzuk kalean ibiltzen diren ohiko 4x4 ibilgailuak, beste batzuk horretarako gertatutakoak, eta oso ondo gertatutakoak ere izan dira. Zaleek –umeak, gazteak zein helduak– Apotzaga aldeko bazterrak bete dituzte eta burrunba hotsak lagun gertutik jarraitu dituzten bertakoen zein kanpotik etorritakoen lanak.