Josu Billelabeitia (Belako): "Hastapenetako garaiak gogoratu ditugu atzerrian jotzen hasi garenean"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2016ko uzt. 22a, 10:00

Mungiako talde ezagunak itxiko du aurtengo Errekan Gora jaialdia. Lore eta Josu Billelabeitia neba-arrebak, Cris Lizarraga eta Lander Zalakain dira, gaur egun, Belako. Bihar, zapatua, Huheziko klaustroan, 22:30ean kontzertua egingo du Belako musika taldeak.

Alemaniatik heldu berri zarete. Zer moduz hartu zaituztete?

Oso ondo, han geratzeko moduan. Bremenen, Berlinen eta Hanburgon kontzertu bana egin dugu: jaialdi baten, etxe okupatu baten eta etxe bateko sotoan hirugarrena. Kontzertu arraroak eta bereziak izan dira, zentzu onean esanda.

Euskal Herriko eta Estatuko mugak gainditu dituzue, beraz.

Poliki-poliki ari gara, bai. Apirilean Portugalen izan ginen, Ingalaterran eta Eskozian maiatzean, eta irailean berriz goaz Hanburgora. Hastapenetako kontzertuak etortzen zaizkigu gogora atzerrira joaten garenean. Jende gutxi ezagutzen gintuen garaiak, alegia. Polita da berriz ere esperientzia hori bizitzea.

Hamen bigarren lan luzea kaleratu zenuten urtarrilean. Zer moduz?

Nik uste dut jendeak ondo hartu duela. Guretzat, oso borobila izan da emaitza. Aurreko diskotik hona pauso bat aurrera egin dugu; hori bai, gure hastapenetako esentzia mantenduta. Kantak askoz landuagoak dira oraingoan. Lehen ez genuen horrenbeste pentsatzen; gaur egun, ez gara horren konforma errazak.

Post punketik asko duzue, baina iturri askotatik edaten duzue. Azkeneko lanean ere nabaritzen da estilo nahasketa hori?

Bai, naturalki ateratzen zaigu eklektikotasun hori mantentzea. Kanta bakoitzak izaera ezberdina du. Gu oso pozik gaude entsalada horrekin; izan ere, uste dugu diskoak, bere osotasunean, koherentzia bat duela.  Kantu ezberdinak izan arren, guztiek dute gordintasun puntua, distortsionatutako baxuak... baina, aldi berean, sinpletasun eta atmosfera koltxoi bera.

Belako Records zuen zigilua sortuta argitaratu duzue.

Gure erabakien jabe gu geu izatea ezinbestekoa ikusten genuelako sortu genuen diskoetxea. Lan handiagoa da, baina  artistikoki, guk nahi genuen lana atera dugu. Banaketa eta bestelako promozio lanak Mushroom Pillow zigiluak egin ditu.

Biharko kontzertura begira, ze asmorekin zatozte?

Denetariko kantuak joko ditugu. Ilusio handiarekin goaz. Asko gustatzen zaigu herri txikietan jotzea. Aberasgarria da.

Zerekin egiten du Belakok amets?

Bizioa hartu diogu atzerrian jotzeari eta ahal den neurrian kontzertu gehiago lotu gura ditugu. Disko berri baterako abestiak ere eginak ditugu... Pribilegiatu hutsak gara!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak