Zaldibar Antzoki pareko plazatxoa aukeratu zuen atzo Errekan Gora ekimena antolatzen duen Atxorrotx Kultur Elkarteak. "Herriko txokoak probatzea eta aldatzea gustatzen zaigu. Orain dela gutxi plazatxo hori berriztu egin dute eta aproposa iruditu zitzaigun Maialenentzako. Atzo jarritako argiekin oraindik ere politagoa geratzen zen, beraz, hurrengo edizioetarako ere kontuan izango dugu toki hori ere. Plaza ez zen bete baina gustura sumatu genituen ikusleak. Errekan Gora ekimenak dagoeneko bere publiko finkoa duela esan daiteke", diote antolatzaileek.
Abeslaria publikoarekin jolasean
Lasai entzuteko kontzertua zen atzokoa eta aulkiak jarri zituzten. Errotabeherek, ahots indartsuarekin eta aurpegitik irribarrea kendu barik, feed-back polita lortu zuen publikoarekin. "Oso lasaia da, jatorra eta oso roilo ona transmititzen du taularen gainetik. Euskaraz eta ingelesez abestu zituen erritmo eta estilo ezberdinetako kantuak. Soinuaren kalitatea ere oso ona", gaineratu dute Atxotxorrotx Kultura Elkartekoak.
Asteburu borobila
Gustura daude ekimeneko bultzatzaileak asteburuan izan diren ekitaldiekin. "Izaki Gardenak taldea izan genuen Gernika Plazan egubakoitzean. Atzokoa baino publiko gazteagoa zegoen, hala ere, adinekoek ere oso gustura izan zirela esan ziguten. Oso jator portatu ziren Izaki Gardenekoak, jendearekin hartu-eman polita lortu zuten horiek ere. Oso kontzertu ona eta beroa egin zuten".
Datorren astean, azkeneko biak
Hurrengo asteburuan borobilduko dute aurtengo Errekan Gora egitaraua. Txistularien Arratia plazatxoa estreinatuko dute Gasteizko Big Band Berri taldearekin egubakoitzean, eta Belako talde ezaguna ekarriko dute zapatuan Huheziko klaustrora.