2014an Bartzelonan sortutako hari-laukotea da Le Touquet Quartet (txeloa, biola eta bi biolin). Kataluniako Goi Mailako Musika Eskolako ikasleak laurak, Quartet Casals hari-laukote ospetsuaren ikasle izateko aukera izan dute. Abel eta Arnau Tomas anaien gidaritzapean landu da laukotea, beti exijentzia maila gorenean. Bestalde, taldea osatzen dutenen artean Eñaut Zubizarreta (txeloa) aretxabaletarra dago, Errekan Gora egitasmoko taldeen artean debagoiendar bakarra dena.
Bi urteko lana oholtzara
Duela bi urte batu zen taldea, eta ordutik lan asko egin dute. Kontzertu batzuk eman dituzten arren, hasiberriak dira oholtza gainean, eta Euskal Herrian joko duten lehen aldia izango da. "Uztailaren 7an Markinan joko dugu, eta hurrengo egunean Eskoriatzan. Gogotsu gaude, eta bi urteko lana erakutsiko dugu", adierazi du Eñaut Zubizarreta musikariak.
Le Touquet Quartet taldeaz gain, Izaki Gardenak, Maialen Errotabehere, Big Band Berri eta Belako taldeak izango dira uztailean zehar Errekan Gora egitasmoaren barruan.