San Pedro jaiak 2016

"Ez dago aparteko sekreturik, oreka mantendu behar da, geldi egon barik"

Xabier Urtzelai 2016ko eka. 24a, 12:53

Iazko irabazle Alex Olabe –ezkerrean– eta Lander Vilar –eskuman– iazko lasterketan. | goiena

Uztailaren 1ean buruhandien txirrindulari lasterketaren laugarren edizioa egingo dute Eskoriatzako jaien barruan (19:00etan plazan). Lehenago ere egiten zuten lasterketa hori, baina urtetan ez dute antolatu, eta 2013an errekuperatu zuten lasterketa bitxi hori egiteko ohitura. 

Aurreko hiru edizioetan Lander Villar eskoriatzarra protagonista bilakatu da, lehenengo biak irabazi eta iaz hirugarren sailkatu eta gero. Eta, eskoriatzarra errebantxa gogoz dago: "Lehenengo edizioak sorpresaz harrapatu ninduen, gogoan dut bizikletarekin nenbilela kaletik, erosketa batzuk egiten, eta parean tokatu zitzaidan lasterketa. Bizikletarekin zerikusia duen edozerk atentzioa deitzen didanez, eta halakoetara erraz animatzen naizenez nik ere parte hartu nuen, baina ez nuen espero irabazterik. Bigarren ediziorako, berriz, iazko txapelduna nintzenez hazita joan nintzen [Barre] eta hura ere irabazi egin nuen, baina iaz hanka-sartze larria egin eta kanpotar batek irabazi ninduen", dio umorez. "Izan ere, batekin eta besteekin eztabaidan nenbilela nire txanda iritsi zitzaidan, eta bizikleta nire neurrietara egokitu barik hasi nuen lasterketa. Hanka-sartze larria, oreka mantentzea askoz ere gehiago kostatzen zitzaidalako. Egia esan, kanpotarrei gurata utzi nien irabazten, saria axtrokiak zirenez, dirua herrian gasta zezaten [Barre]". 

 Oreka mantendu, balazta gabe 

Bi edizio irabazi eta hirugarrenean podiumera igota, Villarrek dagoeneko garbi du non dagoen lasterketako gakoa: "Ez du sekretu handirik. Bizikletei balaztak kendu egiten dizkiete, eta debekatuta dago bizikletarekin geldi egotea. Oreka mantendu behar da, baina etengabeko mugimenduan. Horretarako, epaileen lana ere garrantzitsua da, eta hor sortzen diren eztabaidek giroa ematen diote lasterketari. 40 metroko ibilbidea bizikleta gainean motelen egiten duenak irabazten du kanporaketa, hori bai, buruhandia jantzita. Gainera, aurreko urtetan errepidean egurrezko apaindurak zeuden, eta orain ez, horrenbestez, kalea zabalagoa da". Villar irteera puntuan izango da uztailaren 1ean: "Gainera, normalean ez naiz herri bazkarira joaten, eta horrek abantaila ematen dit [Barre]".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak