Herriko jaien ezinbesteko elementua izaten da beti musika, eta Eskoriatzako Sanpedroetan ere ez da faltako kontzerturik edo musika emanaldirik. Mariatxietatik hasi eta erromeria giroko dantzaldietaraino, gustu guztiak asetzeko moduko eskaintza topa daiteke egitarauan.
Hasteko, ekainaren 28an, San Pedro bezperan hain zuzen, Obanauke taldearen dantzaldiarekin emango zaie hasiera jaiei. 19:30ean. Afalorduan atsedena egingo dute zerbait jan eta nagusien danborrada igaro bitartean, eta ondoren, gauerdian, berriro ere ekingo diote Herriko plaza musikaz girotzeari.
San Pedro egunean, 13:15ean hasita Musika Eskolako Bandak emanaldia eskainiko du plazan. Arratsaldez, berriz (19:30), Scorpio taldearekin dantzaldia izango da. Afalorduko atsedenaldiaren ostean, gauerdian itzuliko dira agertokira.
Gazteagoentzat, 23:00etan AZ Gaubelaken disko festa izango da bibliotekako parkean.
Eguenean mariatxiak
Eguenean, ekainak 30, sanpedrotan falta ezin diren Mariatxien emanaldia izango da. Mariachi imperial Villa Hidalgo del estado de Jalisco. Hamabi kidez osatutako talde handiak, jantzi dotoreak soinean eta kapela handiak buruan, herrian horren maitatuak diren mexikar kantak abestuko dituzte plazako eszenatokian.
Eguena mexikar eguna izango dela esan daiteke; izan ere, gauean, 23:45ean, Los Zopilotes Txirriaos talde nafarraren kontzertua izango da, hori ere plazan. Rock musikaz uztartutako rantxerak eta korridoak jotzen dituzte, beti ere berezkoa duten zirikatzaile izaera horrekin.
Uztailaren 1ean, euskal giroa
Hilabete berriaz batera bukatuko dira sanpedroak, eta uztailaren 1ean Euskal Jaia izango da herrian. Musika ere, noski, euskal girokoa izango da. Eguerdian trikiti doinuek hartuko dute herria, eta kalejira ibiliko da erdigunean zehar.
Gauean, festak agurtzeko, Laiotz taldearen eskutik erromeria izango da 22:30etik aurrera Herriko plazan. Gauerdian bandera jaitsiera izango da, baina horren ostean ere jarraituko du dantzaldiak. Jaiak ahalik eta gehien luzatu nahi dituztenendako aukera paregabea.