Eskoriatzako Beheko Errota Musika Eskolako dantza ikasle eta irakasleak Herriko plazara aterako dira uztailaren 1ean, egubakoitza, San Pedro jaietan ohikoa den dantza saioa eskaintzera herritarren aurrean.
Gaur egun zazpi eta hamabost urte bitarteko 29 ikasle gaztek dihardute dantza eskolan, eta gehienek hartuko dute parte jaietako hitzorduan. Neska mutiko horien guztien irakasle moduan Jon Irizar oñatiarra dabil.
Euskal Jaia ospatuko da egun horretan; hori dela eta, euskal dantzak izango dira protagonista erakustaldian. Ikasturtea bukatu dugun honetan, kurtsoan zehar ikasitako guztia plazaratuko dute dantzariek, aurtengoari bukaera borobila emateko asmoz.
Hitzordu berezia
Eskoriatzako Ferixako dantza saioarekin batera, San Pedro jaitakoa da neska mutiko hauentzat erakustaldirik garrantzitsuena, Beheko Errota Musika Eskolako Eneritz Korujok azaldu duenez. Hala ere, gaztetxoak ez dira urduri jartzen, kontrara, "oso pozik" ateratzen dira dantzara, Korujok azaldu duenez. "Gurasoei ere asko gustatzen zaie horrelakoak ikustea", gaineratu du.
Taldea egonkortzen
Gaur gaurkoz, Musika Eskolako dantza taldeak herriko jai eta ekitaldietan egiten du dantza, eta azken urteotan ez dira beste herri batzuetara atera izan. Azkenengoz duela bi urte izan ziren Aretxabaletako haur dantzarien egunean parte hartzen. Gero irakaslea aldatu zen, eta aldaketetara moldatu bitartean herri barrurako saiotan ibili dira.
Hala ere, badute asmoa taldea egonkortzen jarraitu eta berandu baino lehen kanpora ateratzen hasteko. "Ea datorren ikasturtean hartzen dugun kanpora joateko moduko martxa", dio Korujok.
Beheko Errota Musika Eskolakoak aipatu du helduak falta direla taldean, eta baita mutiko gazteak ere, gaurkoz ia denak neskatilak dira eta.