Narvaezen eta Azkarragaren bilduma bi zatitan banatzen da: zati bat Nautilus Mutrikuko Ikasgune Geologikoan dago ikusgai eta beste zatia Eskoriatzara ekarri berri dute. Ibarraundin, forma eta tamaina askotariko 70 pieza inguru izango dira ikusgai hilaren amaieratik aurrera. "Fosilen forma eta tamaina batzuk ikusgarriak dira, eta oso gutxitan ikusten dira horrelakoak", adierazi du Ibarraundi museoko Nerea Arana teknikariak.
Forma askotariko amoniteak
Jesus Mari Narvaezek eta Esperanza Azkarragak hainbat fosil batu dituzte 30 urteotan, eta, hala izan ez balitz, itsasoaren higadurak desegingo zuen ondare paleontologiko hau. 1975. urtetik aurrera aritu dira Mutrikuko itsaslabarretan agerian geratzen ziren amoniteen maskor handiak harroketatik atera, berreskuratu eta gordetzen. Milioika urtetako eboluzioan forma askotako maskorrak garatu zituzten amoniteek, eta argi eta garbi ikus daiteke hori erakusketan.
Jaietatik aurrerako ordutegia
Aurrez aipatu bezala, erakusketa 18:00etan zabalduko da ekainaren 28an, baina erakusketak irekita jarraituko du jaien ondoren. Ordutegia honako hau izango da: goizetan 12:00etatik 14:00etara eta arratsaldeetan 18:00etatik 20:00etara.
Gonbidapena Ibarraunditik
Erakusketaren irekiera ofizialean Udaleko ordezkariak izango dira, eta, bestalde, herritar guztiei gonbidapena bidali nahi izan diete Ibarraunditik bertara gerturatzeko. "Herritar guztiak gonbidatu gura ditugu bilduma hau ikustera. Egunero ez da-eta halako bilduma bat ikusten".
QR-aren aukera
Edukiak QR-tan jasota egongo dira eta nahi duenak Ibarraundin izango diren tabletak erabili ahal izango ditu edukiak irakurtzeko.