Eskoriatzako Mendi Tourraren lehen edizioa da, eta antolaketan Eskoriatza Kirol Elkarteak, Eskoriatzako Udalak, Baltistan Fundazioak eta Zineuskadik parte hartu dute.
Lehen edizioan zazpi pelikula eskainiko dira bi saiotan banatuta, ekainaren 14an eta 16an, Zaldibar Antzokian, 19:00etan hasita. Sarrerak kiroldegian eskuratu ahal izango dira aurretiaz, edo eta saio egunetan bertan antzokiko leihatilan. Prezioak: 3na euro saioko eta 5 euro bi egunetako bonua.
Pelikulak 2T on Chamlang, Urzulo, Eclipse, A line cross the sky, Piztu, Panaroma eta Jeff Lowe´s Metanoia izango dira.
Pelikulen saioez batera Emakumeak Hushé Bailaran erakusketa ikusgai egongo da herriko Ibarraundi museoan, hilaren 13tik 16ra. Ibon Azpilikueta argazkilariaren irudi bilduma da. Karakorumgo Hushé bailara goi-mendiko ikusmira miragarriagatik ezaguna da, baina bertako bizi baldintzak oso gogorrak dira. 20.000 biztanle pobrezian bizi dira bertan, India eta Pakistango gobernuen arteko liskar amaigabeen eraginpean. Emakumeak eta neskatoak dira erakusketaren ardatza, gizartean baztertuen dagoen sektorea, eta beren hezkuntza hobetzeko egiten duten lana islatzen du.