Zehazki, Gasteiz-Bilbo-Donostia-muga lerroan egingo dira obrak.
Proiektuaren barruan daude honako hauek: muntaia eta mantenu oinarri bat Gasteizen, trenbide/errepide transferentzia gune bat Jundizko zentro logistikoan eta lau balasto-bilketa gune Gasteiz-Bilbo tramuan zehar, horietako bat Eskoriatzan.
Oinarriak 10 hektarea hartuko ditu eta Arrazua/Ubarrundia-Legutio tramutik gertu ipiniko dute. Horretan, materiala jaso eta tramuan zehar banatuko dute. Balasto-bilguneei dagokienez, Eskoriatzakoaz gain, bana egongo dira Gasteizen, Abadiñon eta Amorebieta-Etxanon.
Obrak Vías y Construcciones enpresari adjudikatu dizkiote eta 12 hilabeteko epea du enpresak haiek egiteko.
Materiala jaso eta banatzeko lekua
Muntaiarako eta bilketarako oinarriak eraikitzen ari den plataformatik eta trenbidetik gertu egiten dira, eta tramu berriak eraikitzeko beharko diren materialak jaso eta banatzen dira haietatik.
Gasteizko oinarrian jasoko dituzten material batzuk Adifek Jundizen duen zentro logistikotik jasoko dira. Jundizko zentroan egokitzapen lan batzuk egingo dituzte.
Beste material batzuk errepidez garraiatuko dituzte oinarri berrira, eta, horretarako, sarbideak egingo dituzte deskarga eta bilketa guneetaraino.
Muntaia oinarriak zazpi bide izango ditu, eta horietako batek AHTrekin lotuko du oinarria. Bulegoak, biltegia, bilguneak (materialaren araberako bilgune desberdinak egingo dituzte) eta aparkalekuak ere izango ditu.
Azpiegitura berri hori Atlantikoko Korridoreko zati bat izango da. Madril-Valladolid-Gasteiz trenbideko zatia da korridore hori eta mugaraino doa. 1.435 mm zabal izango da eta abiadura handiko bi bide izango ditu. Bidaiariak eta merkantziak garraiatzeko erabiliko da.
Bada, plataforma horren 90,2 kilometro eraikiko ditu Adifek; zehazki, Gasteiz eta Bilboren arteko bidea eta Gipuzkoarekiko lotunea Bergaran. Bergara-Astigarraga plataforma Eusko Jaurlaritza eraikitzen ari da kupoarekiko aurrerapenen bidezko finantzazioarekin.
Europatik 487,3 milioi
2014-2020 urte artean Europa Lotu Mekanismoak (CEF) finantzatuko du AHTren obren zati bat; zehazki, 487,3 milioi euro lortuko dira bide horretatik, eta Elorrio-Atxondo, Atxondo-Abadiño eta Bergarako Lotunea, Adif Abiadura Handiaren ardurapean, eta Bergara-Astigarraga, Jaurlaritzaren ardurapean, egingo dira diru horrekin; horrez gain, bidea muntatzeko, elektrifikatzeko eta instalazioak ipintzeko dirua hortik etorriko da Gasteiz-Bilbo-Donostia eta Astigarraga-Irun tramuetan; azkenik, Gasteiz-Dax tramuaren azterketa osagarriak eta nazioarteko zatiaren definizioa ere esandako diruarekin finantzatuko dituzte.