Kirol Elkartearen eguna kadete B mailakoen saskibaloi partiduaz hasiko da 10:00etan, kiroldegian (Eskoriatza-Take Tolosa). Motorzaleak ere ordu berean irtengo dira plazatik egunerako antolatu duten bidea egitera, plazan harrera egin ondoren. 11:00etan, auto eta motor klasikoen erakusketa egingo da Luis Ezeizako patioan, eta partxis plazan, eta 11:30ean, herriko beteranoen saskibaloi partidua jokatuko da. 12:00etan, haurrentzako jolasak, eskulanak… izango dira herriko plaza apaintzeko asmoz, eta goiz osoan zehar, Zubiako txistorra jan eta sagardoa edateko aukera ere izango du nahi duenak.
13:30ean, motorren kontzentrazioa egingo da plazan, eta 14:30ean, herri bazkaria egingo dute kirol elkartekoek motorzaleekin batera; guztira 200 pertsona inguru izango dira. Bazkaria plazan izango da, eta eguraldi txarra egiten badu, aldiz, frontoian. Urtero egin ohi duten moduan, paella erraldoia prestatuko dute, beste jaki batzuez gain.
Arratsaldean, A.V. Campos Stunt Ride taldearen eskutik, motorren ikuskizun akrobatikoa egingo da 17:00etan, estazio zaharrean. Egun osoan zehar, Imanol DJaren musika izango da plazan, eta 19:00etan, Andoni Moto DJak errelebatuko du. Musikaz batera, parrillada prestatzen hasiko dira, eta 21:30ean, Super Eskoloteren zozketa ere izango da. Guztira, produktu ezberdinez betetako bost loteko zozketa izango da. Antonio Regaño elkarteko kidearen esanetan "Eskerrak eman nahi dizkiegu herriko komertzio eta tabernei, aurten produktu pila eman dizkigutelako…" .
Motorren topaketa lehen aldiz
Lehen topaketan, ibilbidea prestatu dute egunerako motorzaleek, eta 10:00etan irtengo dira plazatik; Arlaban-Legutio-Barazar mendatea-Otxandio-Urkiola-Otxandio-Oleta-Kruzeta-Aramaio-Arrasate-Aretxabaleta-Eskoriatzako Santa Marina plaza (motorren aparkalekua izango dena).