Atxorrotxeko Eguna domeka honetan ospatuko da

Imanol Beloki Unamuno 2016ko api. 28a, 11:40
Iaz, Atxorrotx Egunean batu ziren herritar batzuk.

Ohiturari eutsiz, maiatzeko lehen domekan Atxorrotxeko Eguna ospatuko da; hau da, etzi. Hala, aurten ere herritarrak mendiko botak jantzi, motxila hartu eta Atxorrotx mendira igoko dira egunaz disfrutatzera. Hainbat bidetatik igo daiteke, baina herritar gehienak Bolibar auzotik igoko dira.

09:00etan, herria esnatzeko txistulariek diana joko dute herriko kaleetan zehar, eta 09:30an batuko dira herritarrak plazan, gorantzako bidea hasteko. 11:00etan, berriz, meza izango da Atxorrotxeko Gurutze Santuaren ermitan, eta goiz osoan zehar kanpai hotsak entzungo dira. Izan ere, ohiturak dioen moduan, bertako kanpaiak joz, ekaitzak uxatzen dira. Mezaz gain, eguerdira arte taberna egongo da Atxorrotxen, eta mokadutxo bat jan eta zerbait edateko aukera izango da bertan.

Arratsaldean, berriz, 18:00etatik aurrera herritarrek etxean egindako tortillak salduko dira herriko plazan. Bertan batutako dirua Eskoriatzako Atxorrotx gobernuz kanpoko erakundearentzat eta Atsegi taldearentzat izango da. Hala, antolatzaileek herritarrak animatu nahi dituzte etxean egindako tortillak plazara eraman ditzaten.

Eguna amaitzeko, erromeria

Plazan, tortilla-pintxoez gain, taberna ere jarriko da, eta, bertako giroa handitzeko, Jainaga eta Narbaiza trikitilariak eta pandero-joleak jarriko dute musika. Bada, dantzarako tartea egongo da, nahi duenarentzat, eta hala emango zaio amaiera egunari.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak