Eskoriatzako Udalak lau hitzordu antolatu ditu Nazioarteko Liburuaren Egunaren baitan, eta gaurkoa hirugarrena izan da. Lehenean, Jon Sarasuak Bost Truke liburuaren nondik norakoak azaldu zituen eta bigarrenean, Joxe Mari Carrerek ipuin pre-erotikoak kontatu zituen bart gauean.
Gaurkoan, irakurzaletasuna sustatzeko hainbat ekitaldi izan dira Zaldibar antzokian, arratsaldeko 17:00etatik 20:00etara. Bigarren eskuko liburu azokarekin eman diote hasiera. Bertan, adin tarte guztientzako literatura eskaintza zabala prestatu dute euro baten truke. Jasotako dirua beharrak dituzten herriko umeei eskolako materiala erostera bideratuko da.
18:30ean beheko Errota musika eskolakoek Pentagrama ipuin musikatua eskaini dute. Ikuskizunari esker nota musikalak ikasteko aukera izan dute gaztetxoenek. Jarraian, Zeu be irakurle! ekimenaren txanda izan da. Herriko bederatzi lagun igo dira oholtza gainera mikroipuin bana irakurtzeko. Gaurko hitzordua amaitzeko Ezagutuz ulertu eta ulertuz maitatu lehiaketaren sari banaketa egin dute. Luis Ezeiza eta Almen ikastetxeetako seigarren mailako ikasleei zuzendutako lehiaketan, partaideek euren aiton-amonei buruzko bi orrialdeko biografia aurkeztu behar dute. Aurtengo bi irabazleek saria jaso dute. Luis Ezeizaren partetik Iraitz Garaiek, eta Almenen aldetik Ane Sologaistoak.
Azken hitzordua, hilaren 28an
Nazioarteko Liburuaren Egunaren laugarren hitzordua datorren ostegunean izango da. Pello Añorga ipuin kontalariak saioa eskainiko du bibliotekan lau urtetik gorakoentzat.