Bihar 19:00etan inauguratuko dute Eskoriatza eta Txirrindularitza erakusketa, Ibarraundi museoan. Herrian kirol honekiko dagoen zaletasuna handia da eta hainbat urtez bildutako argazkiak, kamiseta zaharrak edota bizikletak ikusi ahal izango dira museo honetan.
Jon Sasiain erakusketaren egileak dio lagunartean pentsatutako plana izan dela: "kuadrilan kafe bat hartzen ari ginela erabaki genuen zerbait egin behar genuela Emakumeen Bira herrira datorrela baliatuz". Nabarmendu du polita izango dela eta herritarrei gerturatzeko deia luzatu die.
Apirilaren 9tik 17ra egongo da zabalik erakusketa. Astelehenetik zapatura 11:00etatik 13:00etara eta 18:00etatik 20:00etara bisitatu ahal izango da eta domeketan 11:00etatik 14:00etara. Maite Zubia turismo zinegotziaren esanetan oso argazki "politak eta kuriosoak" daude eta honek ere erakusketara gerturatzeko gomendioa luzatu die herritarrei.