Josu Ezkurdia Eskoriatzako hirigintza eta mugikortasuneko batzordeburuaren esanetan: "Sistema berriarekin martxoaren amaieran hastea zen asmoa, baina Aste Santua tartean dela-eta, aldaketa hobeto kudeatzeko apirilera atzeratzea pentsatu dugu".
Edukiontzi txikiak
Herrian sakabanatuta 21 gune jarriko dira guztira, baina "gune batzuetan, Gorosarri eta Olazar auzoetan, esaterako, edukiontzi normalez gain, txikiagoak ere jarriko dira, kale estuak daudelako", adierazi du Josu Ezkurdiak.
Bestalde, organikorako edukiontziak erabiltzeko, nork bere gunean dagoen edukiontzia irekitzeko aukera izango du soilik, eta oraindik txartelik jaso ez duena edo zalantzak argitu nahi dituena hondakinen informazio bulegotik pasa dadila, edo 688 862 527 telefonora dei dezala.
Informazio gehiago
Sistema berriarekin arazoren bat balego, Mankomunitateko telefono kontaktua eta helbide elektronikoa izango dira edukiontzietan, edozein arazo edo zalantza izanez gero kontsultatzeko.