Diru laguntzak emateko oinarriak onartu arren, Irabazi abstenitu egin zen, eta Bilduk berriz, ezezkoa eman zuen. Hala azaldu zuen Aitor Zubizarreta EH Bilduko bozeramaileak ezezkoa ematearen arrazoia: "Honen arabera, kultur jardueraren bat egin nahi duenak diru laguntza eskatzean, %50a irizpide teknikoetarako izango da, %20a berriz, eskatzaileek autofinantzatu beharko dute, eta %30eko diru-laguntza eman edo ez batzordeak erabakiko du. Hori ez da inon ikusi".
Alkateak honi erantzunez, aukera berriak zabaldu nahi dituztela adierazi zuen, "Abanikoa zabaldu nahi dugu, besteei ere aukera emateko. Batzordeetan hitz egin arren, garbi ikusten da gure arteko zatiketa".
Dispertsio politikaren aurkako mozioa onartuta
Eh Bilduk aurkeztutako mozioaren aurrean berriz, EAJ eta Elizateek abstentzioa eman zuten. "Halako gaietan sartzeko ez dugu arazorik, baina gure baietza lortu nahi badute guregana etorri beharko dira" adierazi zuen alkateak.
Sahararen aldeko elkartasuna
Otsailaren 27an beteko da Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa aldarrikatu zela 40. urteurrena. Hori dela-eta, Udalak aho batez onartu zuen gertakari historiko horrekin bat egitea, eta zapatuan udaletxeko balkoian Saharako bandera jarriko da.