Hondakin bilketa sistema berria, martxo amaierarako

Imanol Beloki Unamuno 2016ko ots. 19a, 09:58
Atez ateko edukiontziak martxoaren amaieran hasiko dira kentzen.

Martxoaren amaiera aldera jarriko da martxan hondakin bilketa sistema berria, bosgarren edukiontzia, Eskoriatzan. Hori horrela, martxoko lehen bi asteetan hainbat hitzaldi eskainiko dituzte Debagoieneko Mankomunitatekoek Huhezi unibertsitatean eta Ibarraundi museoan. "Aurreikuspenen arabera, edukiontzi berriak martxoko lehen astean iritsiko dira; etorri bezain pronto, Debagoieneko Mankomunitatekoek emango dituzten hitzaldien egun eta orduak ezarriko ditugu", azaldu du Joserra Zubizarreta alkateak.

Hitzaldi hauetan, sistema berriaren nondik norakoak azalduko zaizkie herritarrei, eta, bide batez, edukiontzi organikoaren  (edukiontzi marroia) erabilpenaren jarraipena egiteko txipak jaso ahalko dira. Bestalde, herritarrek beraien ekarpenak egin ahalko dituzte sistema hobetze aldera, eta dituzten zalantzak argitu ahalko dituzte.

Bost edukiontzi, bat itxita

Asteko edozein egun eta edozein ordutan bota ahalko dira hondakinak, beira izan ezik. Sortzen duen zaratarengatik, egunez bota beharko da. Edukiontzi guztiak irekita egongo dira, edukiontzi organikoa izan ezik; hau itxita egongo da, herritarrek egiten duten erabilpenaren jarraipena egin gura delako. Horretarako, txipdun sistema erabiliko da.

Herri barruan hamasei puntu ezberdinetan jarriko dira edukiontzi berriak, baita Elorretan eta Kuatruenan ere, eta konpost-guneak gaur egun dauden lekuetan mantenduko dira: Intxaurtxueta, Dorleta, Aranburuzabala, eta Elorreta auzoetan. 

Elizateetan, aldiz, gaur egun duten sistema berarekin jarraituko dute. Hainbat gune daude auzo ezberdinetan, eta baserri bakoitzak bere giltzarekin edukiontziak zabaltzeko aukera izango du. Konpost-guneari dagokionez,  indibidualarekin jarraituko dute.

Komertzioak, berdin

Sistema berriak sortu ditzakeen arazoak saihesteko, eta aldaketa  progresiboki egiteko, komertzioek gaur egun duten sistema berarekin jarraituko dute. Kasu honetan, irailean aldatuko zaizkie hondakinak biltzeko metodoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak