San Pedro auzoa 9, 5.a ezkerra (80 m2), San Pedro auzoa 9, 5.a eskuina (80 m2) eta Intxartxueta auzoa 26, 2.a eskuina (79,90 m2) dira Udalak alokagai jarri nahi dituen etxebizitzak. Kontratu bakoitzak urtebeteko iraupena izango du, eta ordainketak errentamendu egunetik kontatzen hasita, errenta hilero eta modu aurreratuan ordaindu beharko da, hil bakoitzeko lehen zazpi egunen barruan.
Errentaria behartuta dago kontu korronte edo banku-libreta bat izatera ordainketa-helbide bezala, hileko kuotak bertatik kobratzeko. Kontu edo libreta zenbakia jakinarazi beharko dio alokatzaileari. Berme hori honako hauei erantzuteko da: kontratuaren betebeharrei, eragindako kalte eta galerengatiko kalte-ordainei eta kontratuak ezarritako zigorrei.
Bizikidetza-unitatetik kanpo beste pertsona batzuek etxebizitza horretan bizi gura izanez gero, errentaria behartuta dago horretarako baimena idatziz eskatzera Udalari.
Kontratuari uko egitea
Etxea alokatzen duenak kontratuari uko egin diezaioke indarraldiko edozein unetan, betiere, gutxienez bi hilabete aurretik dagokion aurreabisua egiten badio alokatzaileari.
Errentaren prezioa 130 eurotik hasita izango da, eta eskaerak aurkezteko azkenengo eguna otsailaren 26a izango da, 13:30ak arte, Udaleko erregistro nagusian, –astelehenetik egubakoitzera 09:30-13:30–. Informazio gehiago nahi duenak eskoriatza.eus webgunean jaso dezake.