Haien arabera, 10-12 urteko mutiko batzuk Eskoriatzako skate-parkean jolasean zebiltzala furgoneta zuri bat pasatu zen, eta mutikoek ikusi zuten barrutik eurak zebiltzan ingurura begira zeudela. Mutikoek izutu eta alde egin zuten.
Zurrumurru batek eraginda
Poliziak emandako informazioaren arabera, mutikoak beldurtu egin ziren, ze zurrumurru baten arabera, barikuan ume-bahiketa ahalegina izan zen Eskoriatzan leku berean. Edozein modutan, azken zurrumurru horren berririk ez du poliziak, ez salaketa eta ezta jakinarazpen modura ere.
Kontuak kontu, Ertzaintza harremanetan jarri da Eskoriatzako Udaltzaingoarekin, eta inguruak zaintzen ibiliko direla adierazi dute.
Datuak hartu, eta abisatu
Era berean, eskatu dute halako gertakari bat izanez edo ikusiz gero, ahalegina egin behar dela datuak hartzen: matrikula, modeloa, gidariaren deskribapena… eta ahalik eta lasterren eman abisua Ertzaintzari. "Momentuan deitu eta gu joango gara", diote.
Bestalde, gaineratu dute sare sozialetan esaten denaren kontrara, oraingo gertakari hau ezin dela Bergaran orain dela hamabost egun izandakoarekin lotu. Bereziki, aldi hartako gertakarian gizonezkoa oinez zihoalako. Poliziak, behintzat, ez du loturarik egiten.