Eskoriatzako txoko ezberdinak ezagutuko dituzte argazki ginkanaren bitartez, eta perspektiba ezberdinekin jokatu beharko dute gazteek, besteak beste. 17:30etan batuko dira gaztelekuan bertan ginkanari hasiera emateko. Jokoaren oinarriak, ezaugarriak eta proba ezberdinak egunean bertan azalduko dituzte. Baina honelakoak egin beharko dituztela adierazi du Ibone Arejolaleibar hezitzaileak: "Esaterako, proba baten argazki zahar bat erakutsi eta herriko zein txokotan dagoen erantzun edo bilatu beharko dute parte-hartzaileek. Beste proba bat argazki bat ateratzea izan daiteke. Adibidez, momentu edo ekintza jakin bat erretratatzea edota txoko jakin batean dagoen elementu bat bilatu eta erretratatzea…".
Argazki ginkana sakelako telefonoak erabiliz egin beharko dute, eta, kalitatea baino gehiago, argazkigintzaren beste oinarri batzuk baloratuko dituzte jokoa amaitzean.
Domekan, margotzea
Domekan, berriz, gaztelekua margotuko dute bertan batzen direnen artean. Helburua da gazteak beraien erara atontzea, modu horretan, beraiena senti dezaten. 17:30etan batuko dira pintore lanak egiteko.
Gaztelekura hurbiltzen diren gazteekin batzar bat egingo da aurrena, eta, itxura aldaketaren eta egin beharreko konponketen gainean hitz egin ostean, martxan jarriko dira.
Hurrengo erronka, grafitiak
Grafitien munduan murgilduko dira urtarrilaren 23an, zapatuan. Horretarako, grafitietan trebatua dagoen gazte bat hurbilduko da gaztelekura. Berarekin oinarrizko teknikak ikasi eta domekan, ikasitakoa praktikan jarriko dute.