Horren eraginez, hobariak ez dira axtrokitan ordainduko azken urteotan moduan; dirutan ordainduko dira. 2015ean indarrean egon den ordenantza fiskalean ez ziren hainbat hobari aurreikusten, eta horiek axtrokitan emandako diru laguntza gisa arautu dira. 2016rako onartutako honetan, berriz, hobari horiek berreskuratu egiten dira. Udal talde berriak axtrokitan emango den diru laguntza deialdirik ez du egingo eta kopuru horiek hobari gisa arautuko ditu.
Ordenantza fiskalak onartuta
Jendaurrean egoteko arauzko epea igarota inolako alegazio edo erreklamaziorik jarri gabe, behin betiko onartu dira, 2016ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, ordenantza fiskalak, tipoak, kuotak eta tarifak eta horiei egindako aldaketak.
Ez dira iaztik hona igoko, orokorrean, ura izan ezik. Uraren tasa %5 igoko da, Ur Partzuergoak proposatuta, eta etxe hutsen ondasun higiezinenen zerga errekargua, bestalde, kendu egingo da.
Salbuespen eta hobari berriak
Hobariak eskatzeko otsailaren 26a izango da azken eguna eta jaso ahal izateko idatzizko eskaera eta dagozkion dokumentuak aurkeztu beharko dira bi baldintza hauek betez: Udalari ordaindu beharreko zergak kitatuta edukitzea eta, pertsona fisikoen kasuan, Eskoriatzan erroldatuta egotea zergaren sortzapen-unean.
Hiri-kontribuzioan %50eko hobaria izango da familia ugarientzat, eta baita energia berriztagarriak jartzeagatik ere. Ibilgailuei dagokienez, hobari berriak onartu dira 50 urtetik gorako ibilgailuentzat, %100, familia ugarientzat %15-%50 artekoak, 120 g/km CO-2 baino gutxiago isurtzen duten ibilgailuentzat eta ibilgailu elektrikoentzat %100. Hondakinetan, %25eko hobaria 11 tarifan auzo-konposta edo konpost komunitarioa egiteagatik.