Emaitzak jakin berritan Aitor Zubizarretak dio herriak "hautu garbia" egin duela nahiz eta EH Bilduk uste duen atez atekoak frogatu duela "emaitzarik onenak" dakartzala. Sistemak berak baino, kezkatzen duena da "batik bat orain arte lortu diren emaitzen jarraipena" nola egingo den. "%75 inguruko birziklatze tasak lortuko ditugu?", "Nola mantenduko dugu hori?", galdetzen du Zubizarretak. Hain zuzen, "ahalik eta tasarik altuena lortzen jarraitzeko" lanean segitzeko deia egiten du Aitor Zubizarretak.
Oposizioaren buruak dioenez, "irakurketa ezberdinak egin daitezke" eta erreferentzia egiten dio emaitzen mahaien artean egondako aldeei; "handiak", haren iritziz. Zubizarretari "kezka" eragiten dio horrek eta ikusten dute "herriak bi zati" dituela. Azaltzen duenez, "herriaren alde batean ala bestean ezberdinak dira ikuspegiak" eta haren ustez bateratu beharko lirateke.
Prozesua bera ere kritikatzen du EH Bilduko kideak, batetik, uste duelako "alderdi politikoen artean kontsentsua lortzeko aukera galdu" dutelako eta, bestetik, informazioa ematerakoan Udala ez delako "garbia" izan, "ze ez dakigu 5. edukiontziaren proposamenarekin zer esan nahi zuten, txiparekin izango den ala ez edo zer suposatuko duen".
Azkenik, herritarrak zoriondu egin ditu parte-hartzarengatik eta izan duten jarrerarengatik.