Mugikortasun planeko lehen fasea jendeaurrean

Imanol Beloki 2015ko aza. 27a, 11:12
Jose Arana kalea gaur egun, norabide bakarrean, eta lehen zegoen moduan bi norabidetara.

Eskoriatzako hiri-berritze plana lantzeko bi bilera ireki egin zituen Udalak eskoriatzarrekin batera, eta ekarpen ugari jaso zituzten. Eskoriatza, herritar denen artean hobetzeko asmoarekin Udaleko gobernu talde berriak egindako ekimen hau hauteskunde programan hartutako konpromiso baten parte da, eta hiri-berritze planaren proiekturako herritarrekin egindako bileren balorazio positiboa egin zuen Udalak.

Hala, bilera horietan batutako ideia nagusiekin, Udalak proposamen bat jarri du mahai gainean eta mugikortasun plana abian jarri gura du. Lehen faseari dagozkion aldaketak, gaurtik aurrera, jendaurrean egongo dira interesdunek aztertu eta egoki iritzitako alegazioak egin ditzaten. Proposatutako aldaketa horiek hiru eremutan egingo dira; erdiko kalean, Dorletatik Sorautzera bitartean, eta Olazar atzealdean, kanposantuaren azpian.

Jose Arana kalea, plaza aurreko errepidea, gaur egun norabide bakarreko bidea da, eta aurrerantzean bi norabidetako errepidea izatea proposatzen da. Lehen zegoen moduan jarriz eta arbiñosteko bidea saihiestuz.

Dorletatik Sorautzera bitarteko tartean berriz, gaur egun Dorletatik Sorautzera dagoen bide zatiaren norabidea aldatzea proposatzen da eta noranzko berria Sorautzetik Dorletara bitartekoa izatea. Hala, Bolibar auzora esaterako herri guztiari buelta eman beharrik ezta izango.

Olazar atzealdean, kanposantu azpian aldiz, Olazarko 10, 11 eta 12 zenbakidun etxeen atzealdeko norabidea aldatu eta goranzkoa jartzea proposatzen da. Modu horretara bide edo garaje horietatik irteten dutenek, bi norabidetarako aukera izango dute, Sorautzetik – Dorletarako bidea edo Olazarretik beherakoa.

Mugikortasun planaren lehen fase honen informazio panelak bost leku ezberdinetan ipiniko dira ikusgai: Kiroldegian, Liburutegian, Kultura Etxean, Udaletxean eta Goiko Kalean, Kokots tabernan (Goiko kalean Udal eraikinik ez dagoenez, bertako bizilagunei ere informazioa eskura jartzearren, tabernari baimena eskatu dio Udalak).

Herritarren iritzia 

Informazio panelekin batera, iradokizunak jasotzeko postontziak ere egongo dira eta herritarrek bertan eman ahal izango dute iritzia. Dena den, ekarpenak emailez egiteko aukera ere badago: hiriberritzeplana@eskoriatza.eus. helbidera idatziz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak