Atxorrotx Kultur Elkarteak dio dirulaguntza barik geratu dela

Imanol Beloki 2015ko aza. 20a, 09:39

Atxorrotx Kultur Elkarteak ohar baten bidez adierazi du Udalarekiko "desadostasuna".

Hona hemn hedabideetara bidalitako oharra osorik:

"Azken urtetan herriaren kultur jardueran eragile garrantzitsua izan da Atxorrotx Kultur Elkartea. Gure helburua da besteak beste, Eskoriatzako kultura eta ondarean eragitea eta bide horretan egin ditugu gure ekarpenak, elkarte moduan antolatu ditugun ekimenetan (kontzertuak, hitzaldiak, Kontzejupe pilota txapelketa, Elkartearen Eguna, ardo dastaketa, Errekan Gora, Atxorrotxeko indusketak…) eta baita bestelako eragileekin elkarlanean (Zaharren Egoitza, Kirol Elkartea, Euskararen eguna, Eskoriatzara eguna…).

 2015ko dirulaguntza deialdian ordea, Udal Gobernuak (teknikariaren txostenak aurkakoa esanda ere) Elkarteari dirulaguntza ukatu dio. Horretarako erabilitako argumentua izan da Udal Gobernuak zalantzak dituela Atxorrotx Kultur Elkartea irabazi asmorik gabeko elkartea ote den, besteak beste, bi taberna kudeatzen dituelako. Udalak, dena den, jakin beharko luke bi taberna horietatik 10 Eskoitzarren soldata irteten direla, eta hortik ateratako irabaziak Elkartearen gastuak estaltzeko izaten direla.

 Salatu nahiko genuke gainera, orain Udal Gobernuan dagoen EAJ alderdiak, hauteskunde kanpainan aho betez esan zuela herriko eragile guztiekin bildu zela. Esan behar dugu Atxorrotx Kultur Elkartearekin behintzat ez zirela ezertarako harremanetan jarri, eta gainontzeko eragileei garrantzia kendu barik, uste dugu Atxorrotx Kultur Elkartea badela herriko eragile esanguratsu bat.

 Bukatzeko, azpimarratu nahi dugu, gure helburua beti izan dela herriarentzat lanean aritzea, eta aurrerantzean ere herriarentzat lanean jarraituko dugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak