Giro ederra izan dute, gaur eguerdian, Eskoriatzan. Aurten ere Koldotxo Guraso Elkarteko kideen eskutik perretxiko jardunaldiak izan dituzte herrian. Hala, perretxiko erakusketa, talo eta sagardo salmenta eta umeendako margolaritza txapelketa izan dituzte.
Atzoko mendi irteeran batutako perretxikoak ipini dituzte ikusgai, gaur, herriko plazan. Sailkatze prozesuan lagun izan dute, aurten ere, Durangoko Errotari Mikologi Taldea. "Egun beroak egin ditu eta mendia siku dago. Perretxiko batzuk ekarri genituen, baina gutxi. Erakusketan dauzkagun batzuk Errotarikoek ekarritakoak dira", azaldu du Koldotxo Guraso Elkarteko presidente Izaskun Ezpeletak.
145 perretxiko mota ezberdin egon dira ikusgai Eskoriatzako plazan. Batzuk oso ezagunak eta beste batzuk arraroak. Aipatzekoen artean ahuntz apoa eta txanpinoi faltsua. Lehenengoa jangarria da eta galbidean dago. Bigarrenak, berriz, txanpinoi itxura du baina ez da txanpinoia. Azala urratuz gero kolore horia duen okela ikusten zaio.
Familia giroan
Perretxiko erakusketarekin asko ikasten dute eskoriatzarrek, baina ekimena honek baditu helburu gehiago. Koldotxo Guraso Elkarteak antolatua izanik familia osoak elkarrekin egiteko moduko ekintzak bultzatzen ditu: mendi irteera, erakusketa plazan... "Asko ikasten dugu perretxikoen inguruan, baina batez ere ikasten dugu umeekin disfrutatzen", azaldu du Koldotxo Guraso Elkarteko Nestor Aranak.
Ekintza honekin ateratako dirua Eskoriatzako eskolan dauden behar berezietarako erabiltzen dela adierazi digu Koldotxo Guraso Elkarteko presidente Izaskun Ezpeletak.