Konponbide demokratikoa eskatzeko manifestazioa egin dute Eskoriatzan

Eguerdian egin duten manifestazioa; batukadak girotu du ibilbidea hainbat puntutan. Argazkia: Imanol Soriano.

Aldarrikapen eguna dute gaur Eskoriatzan. Euskal presoen eta iheslarien eskubideen defentsan Eskoitzara Eguna egiten dihardute. Horren barruan, batukadak lagunduta manifestazio jendetsua egin dute eguerdian.

Goizean barra ireki dute herriko plazan; eta, tonbola ere ipini dute. Herritarren artean batutako 200 opari inguru ipini dituzte zozketan.

13:00eta manifestazio jendetsua egin dute herriko kaleetan. Batukadak girotu du manifestazioa ibilbideko hainbat puntutan; amaieran, plazan emanaldia eskaini dute.

Konponbide demokratikoa

Eskoitzara Eguna ekimeneko Iñaki Lizundiak azaldu du bi helburu dituela gaurko egunak: batetik, preso eta errefuxiatuen gaia konpontzeko konponbide demokratikoa eskatzen dute; bestetik, elkartasuna adierazi nahi diete presoei eta haien senideei.

Gaur egun gaia blokeo egoeran dagoela gaineratu du Lizundiak: "Presoen kolektiboaren aldetik borondate handia dago egoera konpontzeko, baina Estatuaren aldetik utzikeria ikusten dugu".

"Betikoak baino gehiago"

"Gaurkoan ikusi da presoei elkartasuna adierazteko unean herritarrak prest daudela", azaldu du Lizundiak. Positibotzat jo du Eskoitzara ekimena: "Betikoak baino gehiago mugitu dira", gaineratu du. Manifestazioan bakarrik ez, eguna antolatzerako orduan ere jende askok lagundu duela adierazi du Lizundiak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.