Eskoriatza denon artean hobetzeko asmoarekin Udaleko gobernu talde berriak egindako ekimen hori hauteskunde programan hartutako konpromiso baten parte da, eta hiri-berritze planaren proiekturako herritarrekin egindako bileren balorazio positiboa egin du Udalak.
Astelehenean, hilaren 19an, izan zen lehen bilera, Ibarraundin, eta eguenean, hilaren 22an, bigarrena, Huhezin. Parte-hartze handia nabarmendu du Eskoriatzako alkateak: "Balorazioa oso positiboa da, eta partaidetza handia izan dugu bi bileretan. Harreman zuzena izatea merezi izan du…".
Bilera bakoitzean 50 pertsonatik gora izan dira, eta, entzuteaz gain, ekarpen ugari egin dituzte herritarrek. Hala eta guztiz ere, hainbat gauza nabarmendu nahi izan ditu Joserra Zubizarreta alkateak: batetik, jende asko izateaz gain, eragozpen barik hitz egin dutela; bestetik, errespetuz jokatuz, iradokizun ugari egin dituztela. Eta herritar bakoitzak herriko argazki oso puntuala erakutsi diola Udalari, ikuspegi orokorra eman beharrean. Hala, herriko txoko, esparru eta arazo guztiak gainetik aztertu ahal izan dituzte.
Gai ugari aipatu dira bileretan, baina aipatzekoak, edo behin baino gehiagotan errepikatu direnak, hauek izan dira: Sorautzetik Elorretarako pasoa; orokorrean herrian dagoen zikinkeria, errekan, kalean, bidegorrian…; zirkulazioaren inguruko gorabeherak; errepide desbideraketaz gain, automobilen abiadura; eta herriko hainbat gunetan argi gutxi dagoela oinezkoentzako pasoetan, besteak beste.
Datu guztiak batuz
Ekarpen guztiak jasota, datu guztiak batuko ditu Udalak, kuantifikatu, eta horren arabera gauza batzuk edo beste batzuk aurrera eramango dituzte. Horretarako, batzordetik pasako dituzte gaiak, lehentasunak zeintzuk dituzten zehazteko.