Detektagailuekin kalte ugari egin dituzte bi gizonek Atxorrotxen

Imanol Beloki 2015ko urr. 9a, 17:13
Metal detektagailuekin egindako kalteak Atxorrotxen.

Irailaren 28an, astelehena, Atxorrotxen bi gizon ikusi zituen herritar batek metal detektagailuekin; antza, metal bila. Hainbat zulo egin zituzten babestutako gunea den Atxorrotxeko ermita pareko haitzaren inguruan, eta herritarrak horren berri eman zion Udalari. Udalak salaketa ipini du, eta Atxorrotxeko indusketen arduradun Iñaki Sagredo kalteak neurtzen izan da han.

Kalte horien berri eman zuen herritarrak ezin izan zuen bi gizonen autoaren matrikula hartu, baina berriz bueltatuko zirela entzun zien. Iñaki Sagredoren esanetan: "50 zulo inguru aurkitu ditugu gaztelua zegoen aurreko zaintza-dorrea zenaren gainean, eta Erdi Aroko metal asko eraman dute". Indusketen arduradunak azaldu duenez, aztarnategian ez dira zuloak ageri, baina ez daude guztiz ziur; izan ere, zuloak tapa ditzakete kalteak eragin dituztenek.

Bi urte barru hasi behar zuten haitz horretan lanean, baina, kalteen ondorioz, datorren urtean hasiko dira, ahal duten guztia salbatzeko lanak egiten. "Garai hartako iltzeak aurkitu eta eramaten badituzte, esaterako,  gure lana zapuzten dute. Izan ere, metro karratu bakoitzean dauden iltzeen arabera zer-nolako eraikina zegoen… jakin dezakegu. Dena den, lurra mugituta bakarrik ere informazio pila bat galtzen da".

Ezer lortu barik, historia galduz

"Piezak museo batera eraman behar dira, eta zaharberritu. Detektagailuekin ibiltzen diren bildumagileek ez dakite hori egiten, eta etxean gordetzen dituzte", adierazi du Sagredok.

Ibarraundi museoa ere ekintzen kontra azaldu da: "Detektagailuekin indusketetan aritzea debekatuta dago. Gainera, zerbait aurkitzen duenak ezin du etxera ezer eraman, aurkitzen dena ondare publikoaren parte delako".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak