Marixol eta Mikelen atxiloketaren 11. urteurrenean presoei eta haien senideei elkartasuna adierazi eta aski da! esateko elkartu dira gaur eguerdian Eskoriatzako plazan.
Laguntzak bertan behera
Azkeneko asteetan hainbat komunikabidetan argitaratutakoaren arabera, Espainiako Gobernuaren lehentasuna da Marixol eta Mikel Espainiaratzea. Mehatxu hori pairatzeaz gain, presoen senideek beste "kolpe latz bat" jaso zuten irailean: Eskoriatzako udalak familiakoei emandako diru laguntzak –dispertsioaren gastuen zati bat leuntzeko zirenak– bertan behera utzi ditu Donostiako epaitegiak, Espainiako gobernu ordezkariaren eskaria onartu ostean.
"Jazarpenak ez du etenik"
Eskoitzako presoen lagunak elkarteko kide den Iñaki Lizundiak azaldu du "jazarpenak" ez duela etenik: "Estatuak euskal preso eta horien senitartekoen egoera okerragotzen jarraitzen du". Euskal Herriaren "bake eta askatasun nahiak ukatu eta ito" nahi dituztela gaineratu du.
Estradizioaren mehatxua
Hamaika urte hauetan dispertsioa, isolamendua, jazarpen mediatikoa, gose eta egarri grebak, espetxe zigorrak eta giza eskubideen ukapenak bizi izan dituztela azaldu dute. "Hamaika urte estradizioaren mehatxupean", gaineratu dute. Horren aurrean: "Hamaika arrazoi ditugu bada, aski da esateko!", azaldu dute.