Aitor Urrutia EAJren legebiltzarkide Maria Eugenia Arrizabalagaren ordez

Eneko Azkarate 2015ko ira. 22a, 09:18
Aitor Urrutia Gasteizko legebiltzarrean (Argazkia: EAJ).

Aitor Urrutia eskoriatzarrak hartuko du Maria Eugenia Arrizabalagaren tokia Eusko Legebiltzarrean. Izan ere, Antzuolako zinegotzi jeltzale zumaiarra EAJren bozeramailea izango da Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Arrizabalaga batzarkide da joan zen maiatzeko hauteskundeak ezkero eta legebiltzarkide izateari lagako dio, honenbestez.

Antzuolan EAJk daukan lau zinegotzietako bat ere bada Arrizabalaga. Aurreko agintaldian ere jeltzaleen bozeramaile izan zen Antzuolako Udalean. Urrutia Eskoriatzako EAJren alkategaia eta zinegotzia izan da aurreko bi agintaldietan, 2007tik 2014ra bitartean, hain justu ere.

EAJren legebiltzarkide taldeak aditzera eman duenez, Aitor Urrutiak (Eskoriatza, 1973) oraingo eguenean, hilaren 24an, hartuko du kargua, ofizialki, Eusko Legebiltzarrean. Orduan egingo dute-eta, Politika Orokorreko Osoko Bilkura. Urrutia apoderatua izan da Gipuzkoatik EAJren Batzar Nazionalean.

Aitor Urrutia Eskoriatzako zaharren egoitzaren administratzailea izan zen 1988tik 2010era bitartean. Ustezko "irregulartasunak" medio, kargutik kendu zuen zaharren egoitzaren Patronatuak —Eskoriatzako Udala da Patronatuko kideetako bat— 2010eko udan. Urrutiak Patronatuaren aurka ezarritako helegitea balio barik utzi zuen Eibarko epaile batek hilabete batzuk beranduago, Patronatuari arrazoi emanez. Gai honek eztabaidak sortu zituen Eskoriatzako Udalbatzarrean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak