Dena gertu dago Apotzagako goitibehera lasterketarako

Imanol Beloki 2015ko ira. 18a, 15:12
Iaz, Apotzagako goitibehera lasterketako pilotu bat kurba hartzen.

Eskoriatzako Goitibehera Zaleak taldeak antolatutako Apotzagako goitibehera lasterketak hirugarren urtea beteko du aurten, eta antolatzaileak eta pilotuak irrikan daude eguna heltzeko. Lasterketa bihar izango da eta 60 pertsonak hartuko dute parte, horietatik hemeretzi eskoriatzarrak izango dira gainera. Lehenengo, Manuel Muñoz kiroldegi aurreko parkean batuko dira pilotuak, 15:00 aldera, eta entrenamendu jaitsiera egin ondoren emango diote hasiera lasterketari, 16:00 inguruan.

Lasterketan, Apotzaga auzotik Intxaurtxueta auzorainoko 1,4 kilometroko jaitsiera egingo dute  pilotuek, eta bertan, drift trike, pneumatikoak, arinak, errodamenduak… mota guztietako goitibeherak ikusi ahal izango dira.

Euskal Ligarako puntuagarria izango da lasterketa, dagoeneko erabakita egon arren irabazleak zeintzuk izango diren. Jokin Gutierrez eta Aitor Zabaleta –auto pilotu ezagunaren semea– dira Euskal Ligako txapeldunak. Hala eta guztiz ere, zapatuko lasterketan egongo dira ikuskizuna ematen. Bestalde, Euskal Ligan lehian ari diren Eskoriatzako hamar pilotu inguru ere izango dira bertan, sailkapenean aurrera egiteko denbora onenak lortzeko helburuarekin.

Eskoriatzako Goitibehera Zaleak taldeko Jose Angel Urrutiaren esanetan: "Apotzagako jaitsierako partaide kopurua urtez urte handitzen joan da, eta aurten pilotu eta ikusle gehiago espero ditugu.

Ibilgailu barregarrienari saria

Modalitate bakoitzean podiuma lortzen dutenek saria izango dute. Emakume azkarrenak ere jasoko du saria, eta baita Eskoriatzako azkarrenak ere… baina sari berezia ibilgailu barregarriena duenak jasoko du; antolatzaileek ere prestatuko dute ibilgailu barregarri bat, urtero egiten duten moduan, baina euren goitibehera sari horretatik kanpo egongo da.

Bestalde, lasterketa hori babestu duten enpresek jarritako produktuekin zozketa egingo dute pilotu guztien artean.

Arriskuak saihestu nahian

Goitibeherek abiadura handia hartzen dute, eta, partaideek eta ikusleek izan ditzaketen arriskuak saihesteko, hainbat neurri hartu dituztela azaldu du Jose Angel Urrutiak: "Bi anbulantzia egongo dira, 150 lasto-fardo, eta ikusleak errepidera irten ez daitezen hesiak jarriko dituzte helmuga inguruan. Gainera, bihurgune bakoitzean bi komisario egongo dira, zerbait gertatzen bada laguntza emateko…".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak