Plazan elkartu dira kirolari guztiak eta horien entrenatzaileak eta arduradunak. "Herritarrek jakin dezaten elkartearen inguruan zenbat ume eta gazte dabiltzan egin dugu aurkezpena plazan", jakinarazi du Corvalek. Badaki jarritako erronkak galantak direla, eta guztiak behar bada ezingo dituztela lortu, baina lanerako gertu agertu da.
Seniorrak indartu
Saskibaloian seniorrak indartzea da asmoa eta horretan lagunduko diote juniorrek: "Final Four-ean sartzea litzateke erronka", dio. Kadeteei dagokienez, bi talde dituzte eta indartsuena goiko mailara igotzea da helburua. Era berean, infantiletan errendimendu eta parte-hartze taldeak egingo dituzte.
Areto futbola
"Euskal Ligan dabilen taldeak iaz denboraldi benetan polita egin zuen eta bosgarren bukatu liga. Aurten ere goiko postuetan ibiltzea gura dugu eta ahal bada hirugarren mailara igo", jakinarazi du Corvalek. Lehenengo erregional mailan dabilen taldeak ere preferente mailara igotzea gurako luke. Gazteei dagokienez, ostera, badaki aurten lan egitea tokatuko zaiela oso gazteak direlako.