Lehen hitzordua goitibeheren eta patineteen aparkalekuak egiteko tailerra izango da. Bertara joaten denak aholkularitza eta laguntza izango du, zerbait muntatu edo soldatu behar badu… Hala, gonbidapena egin dute antolatzaileek zapatu honetan 10:00etan herriko plazan batzeko. Arratsaldean, 16:00etatik 19:00etara bitartean, berriz, Namasteko aldapan jaitsierak egiteko aukera izango dute bertaratzen direnek, eta, horretarako, errepidea itxi egingo dute ordu tarte horretan.
Tailer hori motorrak berotzen hasteko ekintza izango da; izan ere, irailaren 19an goitibehera lasterketa egingo dute Apotzagatik San Pedrora, 17:00etan.
Irailaren 17an, berriz, Ostegun Bidaiarien bigarren kontakizuna izango da Huhezin, 21:30ean. Mikel Bringasek Senegal-Gambia bizikletan kontakizuna egingo du eta Marivi Zurutuzak, berriz, Mozambike bihotzean hitzaldia.
Irailaren 18an, bigarren eskuko bizikleta azoka egingo dute, 18:00etan, plazan. Salgai jarri nahi diren bizikletak, trizikloak, patineteak-eta kiroldegira eraman beharko ditu jabeak irailaren 17a baino lehen, bere objektuei prezioa jarrita.
Irailaren 20an, bizikleta martxa egingo dute: Eskoriatza-Urkulu-Eskoriatza. 10:00etan irtengo dira bidea egingo dutenak plazatik, eta Aretxabaletatik ere joango dira. Ondoren, Torrebason hamarretakoa egongo da parte-hartzaile guztientzat.
Horrekin batera, irailaren 16tik 22ra ikastetxera oinez edo bizikletan joaten direnentzat gosari osasuntsua egongo da irailaren 22an.
Udalerri Aktiboen jardunaldiak
Mugikortasun Asteari amaiera emateko, Debagoieneko eta Debabarreneko Udalerri Aktiboen jardunaldiak egingo dituzte hilaren 24an Zaldibar antzokian. Goizean goizetik eguerdira bitartean, hainbat arlotako profesionalek hitzaldiak egingo dituzte. Hain zuzen ere, helburua da jarduera fisikoa bultzatzea eta sedentarismoa saihestea.