Eskoriatzako Ostegun Bidaiariak ekimenaren bigarren edizioa hastear

Imanol Beloki 2015ko ira. 4a, 10:00

Irailaren 10ean hasiko da Eskoriatzako Ostegun Bidaiariak ekimenaren bigarren edizioa. Hiru astean, eguenero, Eskoriatzako zenbait txokotan, kalean, hainbat bidaiaren diaporamak eskainiko dituzte. Iaz ere, hiru hitzaldi eman ziren Kultura Etxean, baina aurtengo berritasuna kontakizunak kalera ateratzea izan da. Hala, hainbat pertsonak urruneko herrialdeetan izandako bizipenak Eskoriatzara ekarri eta herritarrekin partekatzeko asmoz.

Eskoriatzako Udalak antolatutako eta herriko hainbat tabernak lagundutako ekimena da eta  herriarentzat askotariko eskaintzak egitea du helburu. Bestalde, hizlariak eskoriatzarrak izaten saiatu da Udala, eta, oporretatik bueltan, herritarrek datorren udako oporretarako ideiak hartzea da ekimenaren asmoa.
Lehenengo bidaiaren kontakizuna Xabier Gonzalezek egingo du irailaren 10ean Herriko Plazan. 21:30ean izango da eta Japoniara egindako bidaiaren kontakizuna eskainiko du. Bidaia aitzakia eta adibide hartuta, norberaren kontu bidaiatzearen kontakizuna izango da. Plangintza zorrotzik ez jarraitzearen abantailak, toki bat edo beste aukeratzearen arrazoiak, motxilan eramaten diren beldurrak, bidean galtzearen balioak, eta abar azalduko ditu.

Mugikortasun astearekin bat

Marivi Zurutuzak eta Mikel Bringasek bizikletan egin dituzte euren bidaiak. Bata Mozambiken izan da; eta bestea, berriz, Senegalen eta Gambian, emaztearekin eta seme-alabekin.
Irailaren 17an kontatuko dute bidaian ikusitakoa, eta, aste horretan Mugikortasun Astea izanik, ikuspegi hori landuko dute.

Sei hilabeteko bidai luzea

Felix Azkaratek eta Maite Gartziak ez dituzte oporretako bidaia normal batzuen kontakizunak egingo. Haiek sei hilabeteko bidea egin dute, Ushuaiatik Alaskara.
Ametsak egia bihurtuz urte erdian batutako esperientzia kontatuko dute, Ostegun Bidaiarietatik bidaia luzeena erakutsita.

Hamaika istorio batzen dituzten bidaiak

JAPONIA; aitzakia bat
Non eta noiz:  Irailak 10, eguena, 21:30. Herriko Plazan.
Bidaiaria: Xabier Gonzalez.

Japoniara egindako bidaia aitzakia eta adibide hartuta, norberaren kontu bidaiatzearen gaineko kontakizuna egingo du Xabier Gonzalezek. Toki bat edo beste aukeratzeko arrazoiak, beldurrak, plangintza…

SENEGAL-GAMBIA BIZIKLETAN eta MOZAMBIKE BIHOTZEAN
Non eta noiz: Irailak 17, eguena, 21:30. Huhezin.
Bidaiariak: Marivi Zurutuza eta Mikel Bringas.

Senegalera eta Gambiara joan zen Mikel Bringas, emaztearekin eta 5 eta 8 urteko seme-alabekin, bizikletan bidaia egitera. Arriskuak, ezustekoak… kontatuko ditu. Marivi Zurutuzak Mozambikeko esperientzia azalduko du.

USHUAIATIK ALASKARA; AMETSETIK ERRONKARA
Non eta noiz: Irailak 24, eguena, 21:30.  Zaldibar antzokiaren pareko plazan.
Bidaiariak: Felix Azkarate eta Maite Gartzia.

Felix Azkaratek eta Maite Gartziak Ameriketako bizkarrezurraren gainean, Ushuaiatik (Argentina) Anchoragera (Alaska) bitarteko hamalau herrialdetan ikusitakoa kontatuko dute.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak