Ordu eta laurden inguruko emanaldia egin zuten dituzten bi diskoetako kantuak tartekatuta. Jotzen hasi orduko publikoarekin feed-back itzela izan zuten; lehenengo ilaran zeudenek bereziki, kantu guztiak ondo ikasita zituztela erakutsi zizkieten-eta. Haizea kantu ikurrarekin goia jo zuten; Juantxo Arakama abeslariak taularen gainetik salto egin eta publikoaren artean abestu zuen emanaldian jasotako harrera beroa eskertuz horrela.
Publikoaren artean, sekulako nahasketa zegoen: askotariko adinetakoak eta herrikoez gainera, Debagoieneko herrietatik etorritako zale asko, akaso jakin bazekitelako atzokoa, denboraldi baterako Glaukomaren azkeneko kontzertua izango zela, hirugarren lana grabatzeko atsedenaldia hartuko dute-eta.
Datorren astean, Kalakan egubakoitzean, eta Xabi Solano eta DJ DZ, zapatuan
Atxorrotx kultur elkartekoak gustura dira Errekan Gora jaialdiak orain arte eman duenaz: "Askotariko estiloak batu ditugu eta aurtengo eskaintzarekin asmatu dugu antza; horren erakusle, ekitaldi guztietan izan den giro ona. Datorren asteburuan borobilduko dugu aurtengoa, Santa Marina plazara gonbidatu dugu Iparraldeko Kalakan taldea egubakoitzean, eta Hotelean izango da Xabi Solano DJ DZrekin, hurrengo egunean. Behin baino gehiagotan Eskoriatzan izan den Fermin Balentzia zen hasiera baten, aurtengo edizioa itxiko zuena, baina osasun kontuak direla-eta ezingo da etorri eta luxuzko ordezko bat topatu dugu".