Arozenatarrak taldea Zaldibar antzokian izango da zapatuan

Imanol Beloki 2015ko uzt. 10a, 11:18
Arozenatarrak taldea kontzertuan.

Hasi dira Atxorrotx kultur elkarteak, Errekan Gora egitasmoaren barruan prestatutako kontzertuak. Lehena, 4kotegehi7 taldea izan da, eta 200 pertsona inguru batu ziren Huheziko klaustroan emanaldiaz gozatzeko. 4kotegehi7 taldearen boleroek arrakasta bikaina izan zuten ikustera joan zirenen artean eta Atxorrotx kultur elkarteko kideek balorazio positiboa egin dute lehen kontzertuaren gainean.

Zapatu honetan, hilak 11n, berriz, bigarren kontzertua izango da Zaldibar antzokian, 22:30ean. Hiru anaiek osatutako Arozenatarrak taldea Oiartzundik etorriko da Eskoriatzara.

Aitor, Urko eta Xanet Arotzena, txistulari familia ezaguneko laugarren belaunaldia da. Gazte-gaztetatik txistu ikasketak hasi zituzten herrian eta beraien lehen irakaslea Juanito Arozena izan zen, haien aita. Aitor, Donostiako Txistularien Udal Bandako kidea da eta Urko Musikeneko perkusio irakaslea da. Xanet berriz, gitarrarekin hainbat talde eta musikariekin batera aritzen da.

Hiruak instrumentu eta estilo ezberdineko musikariak izanik, musikaren ikuspegi zabala ekarriko dute Eskoriatzara. Txistuaz, gitarra klasikoaz eta perkusiozko hainbat instrumenturekin igoko dira taula gainera emanaldia eskaintzera eta estilo ezberdinak urratuko dituzte, nahiz-eta ardatz moduan euskal musika izan. "Txistularien errepertorioa eskainiko dugu, umore ukituarekin. ETB1eko kontrako eztarria programan ere izan ginen, eta hara oso ondo egokitu ginen. Programaren estiloaren antzera, pailazokeriaren bat edo beste egingo dugu taula gainean" dio Xanet Arotzena taldekideak.

Dantza erritmoak moldatuta

Errepertorio zabala, eta dantza erritmo ugari eskainiko dituzte Eskoriatzan. "Pasodoblea, kale jira, sagar dantza, uztai dantza, zortzikoa, jota, polka, fandangoa, arin arina… bezalakoak egingo ditugu gaur egungo estilora moldatuta". Hala txistua, gitarra klasikoa eta perkusio tresna ezberdinak erabiliz gain, kanturen bat edo beste abestuko dute.

Kantu tradizionalez gain, gaztetan entzuten zuten talderen baten, edo besteren abesti ezagunen bat ere joko dutela adierazi du Xanet Arotzena taldekideak. Baina, horretarako kontzertura gerturatu beharko garela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak