Hiru fasetan ari dira egiten lanak: lehenengoa bukatuta dago; bigarrena, bukatzear; eta hirugarrena espero dute uztailaren 20rako amaitzea, gutxi gorabehera. Gipuzkoako Foru Aldunditik emandako informazioaren arabera, hirugarren fase horretako lanak egiteko terrenoa finkatuta dago eta, lurrak kentzean, bidea bi noranzkoetan irekiko dute.
Martxotik
Martxoaren 3an gertatu zen lehen lur-jausia AP-1 autobidean, Eskoriatza inguruan, Gasteizerako norabidean; lurra, harriak eta zuhaitzak jausi ziren errepidera. Ondorioz eta lur-jausi gehiago izateko arriskua zegoela-eta, erabat itxi zuten errepidea. Baina makina-hondeatzaileak berehala hasi ziren eroritakoa kentzen, eta biharamunean bi noranzkoetan bide bana ireki ahal izan zuten.
Toki berean, gasolindegia dagoen lekutik gertu, bigarren luizi bat izan zen handik hamar bat egunera eta, segurtasuna bermatze aldera, itxi egin zuten berriz ere tarte hori: Eskoriatzako lotunetik Lukura arteko tartea. Martxoaren 25era arte zeharo itxita egon zen autobidea, baina hurrengo egunean noranzko bakoitzeko bide bat ireki zuten, by-pass bidez.
Lanak, luze
Garbiketa eta konpontze lanek luze jo zezaketela aurreikusita, uztailaren 15erako amaituko zituztela azaldu zuten orduan, baina gauzak ondo bidean, AP-1 autobidea uztailaren 20aren bueltan itzuliko da erabateko normaltasunera tarte horretan.
Ordezko ibilbideak
Bien bitartean, ordezko ibilbide gomendatuak hauek dira: ibilbide luzekoentzat, abiapuntua/helmuga Gasteiz–Donostia duenarentzako, AP-8 eta AP-68 autobideak, edo N-I errepidea; Debagoiena eta Gasteiz arteko barruko zirkulaziorako, GI-627 errepidea (Arlaban mendatea) edo GI-3310 errepidea (Eskoriatza–Leintz Gatzaga).
Autobidea itxi zutenetik zirkulazioa handitu egin da bai Leintz Gatzagatik eta baita Arlabandik ere; eta oporrak tarteko, joan den den asteburuaz geroztik ere igartzen da zirkulazioa areagotu egin dela.